Euskararen erabilera bultzatzeko 'Hizka-mizka' egitasmoa antolatu du Gaztezulo aldizkariak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Gazteei zuzendutako ekimena da.
Abenduaren 3an "Hizka-mizka" egitasmoa eginen da Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan. Euskararen egunarekin batera izanen da, eta hainbat eremutako pertsona famatuek gazteekin solasteko aukera emanen du. Helburua, gazteek euskaraz bizitzeko hautu har dezaten eragitea izanen da. Hala azaldu du egitasmoaren antolatzaile Gaztezulo aldizkariak. Ekimen hori aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izan du.
Mahai inguru saioak bi txandatan banatuko dira. 10:00etatik 11:15etara ibiliko da lehenbiziko taldea, eta 11:30etatik 12:45etara bigarrena. Jon Artanok dinamizatuko ditu solasaldiak. Hilabete honetan zehar Gaztezulok kaleratuko dituen bideoetan ageri diren pertsona famatuen eta egitasmoan parte hartzeko izena eman dutenen artean izanen dira solasak. Hamar mahai paratuko dituzte modu zirkularrean eta mahai bakoitzeko bi aurpegi ezagun eta beste bost gazte izanen dira. Zizka-mizkak ez dira faltako. Antzerki talde batek egoera linguistiko ezberdinak islatuko ditu esketx laburretan, eta horietatik abiatuta, mahai bakoitzean eztabaida hasiko da. Gazteak mahaiez aldatuko dira esketx bakoitzari lotutako eztabaida saio bakoitzeko, hartara jende ezberdinarekin hitz egiteko aukera izango dute.
Izena emateko Gaztezulo aldizkariaren web orrialdera jo.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean