• 22
    AZA
    Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute Goierrin
    "Euskaraz bizi nahi dugu" eguneko irudia. GOIERRIKO EHE.

    Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen Legearen urteurrenaren atarian, eta abenduaren 1ean Kontseiluak Donostian eginen duen manifestazioa berotzeko, Goierriko EHEk "Euskaraz bizi nahi dugu" ekimena ospatu zuen larunbatean Beasainen (Gipuzkoa). Giro ederrean pasatu zuten eguna.

    Goierriko EHEren kronika:

    Euskararen Legearen 30.urteurrena dela medio Donostian ospatuko den manifestazioari begira, giroa zertxobait berotu asmoz, iragan larunbatean ‘’Euskaraz bizi nahi dugu!’’ lelopean ekimena ospatu genuen Beasainen Goierriko EHEko kideok zein makina bat euskaltzalek.

    Arratsaldean ekin genion trikitilari, dantzari, bertsolari eta bertara urreratutakoekin bat tabernaz tabernako ibilbideari. Botatako euri tanta apurrek ez zuten giroa zapuztu eta trago, algara eta aldarrikapen artean gustura igaro genuen arratsa. Zenbait esku-orri banatzeko ere probestu genuen.

    Ondoren, frontoira joan ginen afaltzera. Batzuek zutik, besteek mahaiaren bueltan eserita, nahi adina hirugihar zein solomo jan genuen, sagardoa bidelagun genuela noski.

    Azkenik, Sutan eta Bolkete taldeak entzuteko aukera izan genuen. Ordu batak aldera eman genion amaiera euskaraz bizi nahi dugula ozen aldarrikatzea xede zuen ekimenari.

    Eskerrak eman nahi genizkieke ekimena burutzeko beren laguntza eskaini  ziguten orori. Hala nola, Azurmendi harategia, Beasaingo, Izalgo zein Ordiziako gaztetxeei, dantzari, trikitilari eta  bertsolariei… baita bertan parte hartu zutenei ere.

    Bide batez, goierritarrei, beren hizkuntza eskubideen defentsan zein hizkuntza politika ausart eta burujabe eske, Beasainen zein Ordizian, larunbat honetan 12etan, ospatuko diren elkarretaratzeetan, larunbat arratsaldean bertan Gasteizen egingo den giza katean eta abenduaren 1ean Donostian ospatuko den manifestazio nazionalean parte har dezaten gonbita luzatzen diegu.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.