• 23
    AZA
    Eusko Jaurlaritza berriari urrats sendoak eskatu dizkio EHEk
    EAJk Euskararen legearen urtemuga ospatu zuen uztailaren 25ean. URKULLU

    Larunbatean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen Legeak 30 urte beteko ditu. Urteurrenaren karietara, EHEk Eusko Jaurlaritza berriari zuzendutako idazkia plazaratu du gaur. Larunbateko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatu du, bidenabar, eragile euskaltzaleak.

    Euskararen Legea bezala ezaguna den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 30 urte beteko ditu heldu den azaroaren 24an. EHEtik hainbat mobilizazio deitu ditugu egun horretarako; izan ere, hiru hamarkada, mende herena iragan da kasik euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu ei zuen legea onartu zenetik. Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ezin da ukatu ere sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte izan direla, finean, herrialdeotako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak.

    Ia ziur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari berri izango den Iñigo Urkulluk, eta bide batez, berak ordezkatzen duen alderdiak ez dute halakorik uste; kontrakoa akaso. Iragan uztailaren 25ean aipatu legearen 30. urtemuga ospatu zuen EAJk, eta bertan, hitzaldi luze eta mamitsua egin zuen ordurako jada lehendakarigai zenak euskararen iraganaz eta geroaz; egindakoaz eta egin gabe geratu denaz. Horrat pasarte batzuk:

     

    “Gure gizarteak asko zor dio lege honi, lege honek mesede handia egin baitio Herri honen bizikidetzari (…) Euskararen Legea gogora ekartze hutsarekin burura datozkit segidan hainbat printzipio eta balore. Gure Herriaren aurrerabiderako ezinbestekoak: bizikidetza, berdintasuna, elebitasuna elebitasun orekatu eta berdinkidea, herritarren hizkuntza-eskubideak eta askatasuna, kohesio soziala, adostasuna”.

     

    “Hizkuntza politika aktiboa behar da: erabiltzeko gogoa pizteko eta aukerak sortzeko; erabilera bermatzeko eta sustatzeko (…) Legea, ordea, ez da zernahitarako sendabidea. Legerik eta araurik gabe ezin da. Politika publiko sustatzailerik gabe ezin da. Horretan badute zereginik franko herri-aginteek. Herri-aginteei, ez zaie, ez, zer hobeturik falta”.

     

    “Sendabiderik inon baldin badago, geu gara sendabidea. Azken hitza, inoiz baino gehiago, gizarte osoaren esku dago, gutariko bakoitzaren esku. Guztion esku. Egin nahi, egin ahal eta egiten dugunaren esku”.

     

    Ez gatoz bat hurrengo lehendakariarekin. Lege honen eskutik eman diren urratsak ukatu gabe, asko dira ezinbestez aipatu beharreko hutsune eta gabeziak alor honetan. Oraindik orain, XXI. mendean, Euskal Herrian ezin gara euskaraz bizi; euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen oinarri-oinarrizko zerbitzuetan zein egunerokoan, eta horien bermetik hurbil gaudenik ere ezin da esan. Ustez euskara ofiziala den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan ere ez. Gure gizarteak lege honi asko zor diola esatea ez da mokadu xamurra, lege honek herri euskaldunari 30 urteren ostean zor dionaren lekukoontzat.

    Administrazioek erdaraz funtzionatzen dute, euskarazko hedabideak ez dira behar bezala sustatzen, lan deialdi publikoetan euskarari begirako gutxienekoak ez dira betetzen; euskararen arnasguneak ez dira babesten eta sustatzen; eskolak ikasleak euskaldundu gabe jarraitzen du eta helduen euskalduntzea lortzeko baliabideak urriegiak dira, euskararen ezagutza unibertsala tronpatuz. Zer esanik ez euskara bultzatzeko helburuz sortu ei zen Euskal Irrati Telebistaz; erdara hutsezko kanala duena nagusi. Azken honek islatzen du Euskararen Legeak jasotzen dituen printzipioen aplikazioaren errealitate konplexuz bete eta gordina. Erdara eta erdaldunak lehen mailako; euskara eta euskaldunak beti atzetik, beti azpitik, herri euskaldunak pairatzen dituen hizkuntza-politika ezberdin guztiekin gertatzen den bezala.

    Areago, lege hau bizikidetzarako mesedegarria izan dela esatea ere mingarria da. Batez ere kontuan hartzen badugu bizikidetza ustez eredugarri hori euskaldunon menpekotasunean eta euskaldunon eskubideen urraketa sistematiko eta etengabean oinarritzen dena. Bizikidetza badago, asimetrikoa da, eta herri euskaldunaren azpiratzea mantentzea du baldintza nagusi. Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko.

    Bukatzeko, berak esandako kontu batzuekin bat gatoz. Herri aginteek badute zereginik; legeak eta arauak beharrezkoak dira aurrera egiteko, baina ez dira nahikoa eta herri gogoa ezinbestekoa da; sendabiderik badago, geu gara sendabidea. Ados, hori aipatzean berdinaz mintzo bagara.

    Herri aginteek, instituzioek, bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak sortu eta aplikatu behar dituzte, euskarari lehentasuna emango diotenak. Kontseiluaren Hizkuntza Politika Eragingarria bada hori lortzeko tresna egokia. Halere, euskaldunok gure egunerokoan euskaraz bizitzearen aldeko hautua praktikatzen eta hedatzen jarraitu behar dugu ezinbestez, harrotasunez, “espaloitik jaitsi” gabe. Eta euskaraz bizi nahia erakusteaz gain, baina, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu. Eman beharreko aldaketak gugan, gure esku daude, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere eman daiteke aldaketa hori, eta eman behar da. Ez al daude abertzaleak berriz ere Jaurlaritzan? Bada, igarri dadila.

    Hemendik, berriz ere deia zabaldu nahi diegu herritar, euskaldun eta euskaltzale guztiei azaroaren 24rako deitu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko. Honekin batera, Kontseiluak abenduaren 1erako egin duen deialdira batzeko gonbidapena ere luzatu nahi diegu. Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!

    Deialdiak:

    Azaroak 23: 
    Zarautz: 19.00etan Udaletxe plazan 

    Azaroak 24:
    Orereta:13.30etan Herriko plazan (eskualde mailakoa) 
    Donostia:12.30etan Bulebarrean (Erlojuaren ondoan)
    Beasain: 12.00etan Zubimuzun
    Ordizia: 12.00etan Plazan
    Durango: 12:30ean Udaletxe aurrean (txiki-otaegi plaza)
    Zornotza: 12:30ean Erreferendum plaza
    Gernika: 13:00ean Merkurio iturria
    Arrasate: 13:30ean Udaletxeko plazan
    Portugalete: 13:30ean Udaletxe parean

    Giza-katea:
    Astean zehar egingo diren ekimen eta elkarretaratzeei txapela jartzeko giza-katea egingo dugu Gasteizen, 24an bertan. 17:30ean hasita, Andra Mari Zuritik Legebiltzarrera egingo dugu bidea “Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!” lelopean.


    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Andoainen, 2012ko azaroaren 22an

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.