Euskal Herrian Euskarazek Iruñerriko IV. Euskaraz Bizi-kleta martxa antolatu zuen larunbatean. Hogei euskaltzalek Iruñerria zeharkatu zuten "Euskaraz bizi" aldarria han eta hemen zabalduz.
Larunbatean IV. Euskaraz Bizi-kleta martxa antolatu zuen Iruñerriko EHEk. Araba, Bizkai eta Gipukoako Euskararen Legeak 30 urte bete zituen eguna zela eta, hainbat mobilizazio izan ziren Euskal Herriko herrietan, eta arratsaldean giza-katea egin zen Gasteizen. Iruñean ere euskaltzaleak kalera atera ziren euskarak bizi duen zapalkuntza salatzera. 20 lagun bildu ziren hamarretakoa hartu eta txirrindularen pedalak astintzeko gogoz.
Arrosadia auzoan hasi zen martxa. Bertan Arrosadiako haur eskola berriak euskara baztertu egiten duela salatu zuten. Iruñean hamazazpi haur eskola publiko daude, baina bakarrik bik eskaintzen dute euskarazko eredua, eta biak Txantrea auzoan daude. Azken urteotan haur eskola berriak eraiki ditu Iruñeko Udalak (Errotxapean, Azpilagañan, Arrosadian...) eta den denek eredu arrotzak eskaintzen dituzte.
Arrosadia atzean utzi, Erripagaña eta Burlata zeharkatu, eta Atarrabiara ailegatu ziren. Azken herri horretako osasun etxean salaketa egin zuten, bertan ez baitago euskaraz bizitzerik, eta abenduaren 1ean Kontseiluak Donostian antolatu duen manifestaziora dei egiten zuten kartelak jarri ziren. Atarrabiatik Txantreara joan ziren, bidean topatzen zituzten seinale erdaldunak, nola ez, ezabatuz. Txantrea plazan, adibidez, geldialdia egin zen erdara hutsean dagoen plakaren azpian.
Gero Martzelo Zelaieta etorbidea hartuta Antsoain zeharkatu eta Errotxapeara ailegatu zen martxa. Hainbat margoketa ikusi ahal izan ziren bidean "Euskaraz bizi nahi dugu" lelopean, eta Karbonillan pankarta bat jarri zen "Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!!! Abenduak 1 denok Donostiara" lemarekin. Hortik Santo Domingo aldapa igo eta Alde Zaharrera heldu ziren euskaltzaleak. Kale nagusia, San Frantzisko plaza, San Nikolas, Komedias, Gazteluko plaza eta Estafeta kaleak zeharkatu ondoren Merkaderesen bukatu zen martxa eskuorriak banatuz. Bide osoan zehar aldarrikapenak ozen aditu ziren, lelo ezberdinak oihukatu baitziren: Euskal Herrian Euskaraz!!! Bizi, bizi, bizi..Euskaraz bizi!!! Haur eskolak euskaraz!!! eta abar.
Arrosadiako ekimena
Azaroaren 24an bizikleta martxa Arrosadian hasiko zela probesturik, "Ezabatu eta euskaraz bizi" ekimena egin zuten auzoan. Obrak direla eta seinale anitz paratu dituzte erdara hutsez idatziak. Horiek ezabatu egin zituzten, eta paisai linguistiko arrotza iraultzeko deia zabaldu zieten Arrosadiako auzokideei. Errotxapea auzoan ere hainbat ezabaketa agertu ziren.
Euskaraz Bizi-kleta martxa Erripagañatik pasatzean.
|
Euskaraz bizi sarean