• 12
    ABE
    EHEk bat egin du Herrirak urtarrilaren 12rako deitutako manifestazioarekin
    Eragileen prentsa aurreko agerraldia.

    EHEk, Euskal Herriko hamarnaka eragilerekin batera, bat egin du Herrirak urtarrilaren 12an eginen duen manifestazioarekin. "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira" lemapean milaka lagun bilduko dira Bilboko kaleetan euskal preso politikoen eskubideen alde.

    Agerraldian irakurritako testua:

    Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira.

    Urteetan eta sufrimenduan gehiegi luzatu den gatazka egoera atzean utzi eta denen artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak zabalik dira Euskal Herrian.

    Euskal Herriko eragileen arteko elkarrizketa eta akordioek, Donostian burutu zen nazioarteko Bake Konferentziak eta ETAk behin betiko armak uzteko erabakiak euskal gatazka konpontzeko bidea ireki dute.

    Gatazkaren ondorioak askotarikoak dira, eta denek behar dute konponduak izan.

    Zentzu honetan, eta konponbidean aurrera egiteko, gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea beharrezkoa izango da. Euskal Herritik ehunaka kilometrotara sakabanatuak daude oraindik orain, eta honek ondorio larriak dakartza, bai preso eta erbesteratuentzat, bai hauen senideentzat.

    Lehen urrats bezala beharrezkoa ikusten dugu presoei dagozkien oinarrizko giza eskubideak errespetatuak izatea:

    - Euskal presoak Euskal Herriratzea

    - Gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea

    - Espetxe zigorren luzatzearekin amaitu eta “de facto” bizi osorako espetxe zigorra suposatzen duten neurrien derogazioa

    - Preso bezala eta pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien errespetua

    Aldarrikapen hauei bultzada bat eman eta bide honetan frantziar nahiz espainiar gobernuei urratsak eskatzeko manifestaldi handi bat burutuko da Bilbon, urtarrilaren 12an.

    Manifestazio honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu euskal herritarrei.

    Eskerrik asko.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.