Urtero bezala, EHE herri mugimenduko eragile euskaltzaleak stand bat paratu du Durangoko euskal liburu eta diskoen azokan. Euskaltzaleon agenda eta dokumentala han dira salgai, bestelako materialarekin batera. Gainera, arropa saltzeko karpatxoa muntatu dugu Landako gunearen parean.
Margoketak agertu ziren Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan Espainiako hauteskundeen atarian. Irunberrin (Nafarroa) "Bases Autónomas" talde naziak bere gain hartu ditu ekintzak, eta herriaren sarreretako seinaleetan euskal izena ezabatu dute. Ez dute lan handirik izan, inguru horietan ere hizkuntza paisaia arrotza baita. Amaiur eta Ezkerra alderdien iragarkietan ere margotu zuten.
EHEk ekimena egin du gaur Euskarabidea, Nafarroako Euskararen Institutuaren egoitzan. Helburua Vascuencearen Legea eta horrek eragindakoak salatzea izan da. Gaurko ekintza zuzenak ateak itxi nahi izan dizkie Nafarroa Garaiko Gobernuak Euskarabidearen bidez aurrera daraman iruzurrari eta hizkuntza politika menderatzaileari.
EHEko kideak Oiartzungo (Gipuzkoa) Carrefourrera joan ziren atzo hizkuntza eskubideen urraketak salatzera. Ttur-ttur euskara elkarteko kideekin batera, erreklamazio orriak eskatu zituzten, eta Behatokian ere egin zuten salaketa. “Carrefour aurrerapausoak egin beharrean, atzerapausoak ematen ari da”, salatu dute EHEko kideek.
"Ezabaketa Eguna" bezala hasi eta urte luzez "Ezabaketa Astea" moduan jarraitu duen ekimena atzean utzita "Ezabatu eta euskaraz bizi" egitasmoa aurkeztu du gaur EHEk Iruñean. Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duen honetan, herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hizkuntza paisaia irauli eta berau kolorez zipriztintzeko deia egin die herri mugimenduko eragileak euskaltzaleei.
Euskal Herrian Euskarazek urtero antolatzen duen zozketak badu irabazlea: Gorka Garcia. 13.560. zenbakidun boletoak Eskoziara bidaiatzeko aukera emanen dio Antsoaingo (Nafarroa) euskaltzaleari. Irribarrea ahotik ezin kendurik jaso du saria, eta lagun ugari hurbildu zaizkiola esan digu: "zenbaki saritua donetteak bezalakoa da, orain denek izan nahi dute nire lagun". Zorionak Gorka eta gozatu bidaia!!
Herri mugimenduak deiturik, jende andana bildu da Gernikara (Bizkaia) herri eskoletan parte hartzeko asmoz. Hainbat eskola antolatu dituzte, eta egunari bukaera emateko ekitaldia egin dute Lizeo Antzokian. Inposaketen aurka eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua zabaldu du herri mugimenduak, eta egutegi propioa lantzeko beharra azpimarratu dute.
Errotulu, kartel eta plaka asko gazteleraz idatzita egon ohi dira Iruñean, eta euskara bigarren mailan geratzen da gehienetan. Horregatik. hizkuntza paisaia euskalduna nahi dutela aldarrikatuko dute hiriko euskaltzaleek ostiralean. Goizean goiz, 9:50etan bilduko dira Udaletxeko plazan, Udalari eskakizun garbia egiteko: hizkuntza paisaia euskaraz! AEK, Administrazioan Euskaraz Taldea, IKA, Sortzen Ikasbatuaz eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak deitu dute elkarretaratzera Euskal Herrian Euskarazekin batera.
Nafarroako “Vascuencearen Legea” aldatzeko proposamena aurkeztu du Ezkerrak, euskarazko hezkuntza legeztatzeko asmoz. Nafarroako eremu mistoan indarrean dagoen hezkuntza eredua eremu “ez-euskaldunera” zabaltzean datza proposamena. Hartara, Nafarroa osora zabalduko litzateke euskarazko ikastetxe publikoen sarea. Aitzitik, ez dute izan euskaldunen eskubideak zatitu eta zapaltzen dituen Legearen aurkako hitzik, eta ez dute aipatu euskararen ofizialtasunaren beharra.
Durangoko euskalgintzak euskararen aldeko ekimena prestatu du herriko festetarako. Azaldu dutenez, San Fausto jaietan ere euskaraz bizi nahi dutela ozen aldarrikatuko dute hurrengo egunetan. Horretarako, baina, herritar guztien babesa beharrezkoa izanen dute. Mural bat margotuko dute hurbiltzen direnen artean, eta aipuak idazteko tartea ere izanen da. Egindako lanak Andra Mari elizpean, Ezkurdin eta Plateruena kafe antzokian jarriko dira, Durangoko jaietara hurbiltzen direnek ikus ditzaten.
|
Euskaraz bizi sarean