Iragan larunbatean, ospatu zuten tolosaldeko euskaltzaleek Billabonako lehen Euskaraz Bizi Eguna. Egitarau oparoa prestatu zuen bertako EHEk egun handirako, eta goizean goizetik iluntzeraino luzatu zen jaialdia. Ehunka euskaltzalek hartu zituzten Billabonako kaleak eta erraldoi eta buruhandiekin jarraitu zioten dianari. Herriko ikastetxeetako haurrek kolorea eman zioten jardunaldiari herriko kale nagusiak zeharkatu zituen krossean. Ostean, musika eta dantza emanaldia izan zen plazan, eta horren atzetik etorri zen Hamaika Bertuteko gazteek girotutako bertso-bazkari herrikoia. Arratsalde partean, kale antzerkiak lagundu zuen poteoa, eta luze iraun zuen Gazte Asanbladakoek bokata-afaria eskaini zutenerarte. Bukatzeko, Kantuki taldearen erromeriak alaitu zituen parte hartzaileen bihotzak goizeko ordu txikiak bitartean.
Hainbat gizarte eragileetako ordezkariek agerraldia egin dute Kontseiluarekin batera, ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea’ lelopean egingo den manifestaziorako deialdia egiteko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako manifestazioa, maiatzaren 15ean egingo da, eta arratsaldeko 18: 00etan abiatuko da Golem zinemetatik. Joan den astean norbanakoekin egindako agerraldiaren ondoren, atxikimendu gehiago jaso ditu Kontseiluak. Jadanik 3.000 atxikimendu jaso dira horretarako sortutako blogaren bitartez (www.blogak.com/maiatzak15)
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena osatzen duten hainbat ikasle, irakasle, guraso, herritar eta eragilek agerraldia egin dute Bilbon, hezkuntza arloan euskara erasoaldi gogorra pairatzen ari den honetan, ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen guztiontzako eredu euskalduna aldarrikatu eta horren harira abiatuko duten kanpaina zabala iragartzeko. Euskararen kalterako administrazio ezberdinak inposatzen ari diren ereduen aurrean hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta norbanakoek inposaketak arbuiatu dituztela eta erasoei erantzun eta kalera ateratzeko garaia dela aipatu dute EEHEko kideek
Atzo ospatu zuen EHEk Hizkuntza Eskubideen Egunari bide berri batetik segida eman eta bide propioa hasi duen Euskaraz Bizi Eguna. Milaka izan ziren "Euskal Herrian euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!!!" leloari jarraituz EHEren 30 urteak ospatu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautuari hauspoa ematera joan zirenak. Egun osoko egitarau zabalak bilakaera ona izan zuen eguraldi kaskarraren aurrean eta jai eta aldarrikapen giro paregabeak busti zituen Etxarriko kaleak. Ekitaldi politikoa eta manifestazio jendetsua izan ziren egunaren beraren elementu nagusiak, baina kontzertu, dantzaldi, ikuskizun, tailer, azoka, herri-bazkari eta kontzertuek ere harrera hobezina izan zuten bertaratutakoen aldetik
Aurten Txantreako Euskal Herrian Euskaraz-i egokitu zaio Iruñeko auzoko jaietako txupinazoa botatzea. Hala ere, EHEko kideek Jai Batzordeak eta auzoak berak urteetan zehar bultzatu duen eredu parte-hartzailea goratu eta Txantrean euskararen aldeko lana burutu duten eta euskaraz bizi diren guztiei eskeini die txupinazoa botatzearen "ohorea". xxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxx...DANBA!
Euskaraz Bizi Eguna heltzear da eta Euskal Herri osoko EHEko taldeak lanean ari dira jo eta su deialdia ahal bezain bat hedatu eta ahalik eta euskaltzale gehienei Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko bideak erakutsi eta erraztu nahian. Hala, hango eta hemengo hainbat herri eta auzoetan muralak egin, aurrez aurreko zein e-posta bidezko gonbidapenak luzatu eta autobusetarako zerrendak nonahi jartzearekin batera, EHEren 30 urteotako ibilbidea eta aurrera begirako erronkak azalduz aurkezpenak egiten ari dira. Gaurkoan, Etxarri-Aranatzen ospatuko den Euskaraz Bizi Eguneko elkarte eta norbanako parte-hartzaileek argazki herrikoia atera dute maiatzaren 2rako azken aurreko deia eginez
Urtarrila bukatzear zela ekin zioten Oiartzungo EHEko kideek Osakidetza euskalduntzea galdegiteko kanpainari. Herriko bi osasun zentroetan euskaldunon hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen ohartarazi zuten zentro bakoitzean “Euskaldunen ate” berri bat eraikiz. Ez nolanahiko atea, noski, sarrera berri horrek paretaren kontra baino ez baitu eramaten. Bestalde, “¿Eus qué era?” izeneko kanpaina ere burutu zuten iragan eguberrien testuinguruan, oiartzuarrak euskararen benetako zaurgarritasunaz jabetu arazi asmoz. Azkenik, Olentzeroa ere Alcampo merkatalguneraino eraman zuten, Olentzerok berak eta herritarrek ezin baitituzte egin erosketak euskaraz
Hiru, garraiolarien sindikatuak agiri bidez jakinarazitakoaren arabera, Guardia Zibilak 4.601 euroko isuna jarri dio kamioilari bati takografoaren data euskaraz idazteagatik. Euskarazko hitzik ez zen ageri takografoan, baina agertzen ziren zenbakiak euskarazko ordenean zeuden jarrita, eta ez gaztelerazkoan . Polizia militar espainolak zabaldutako diligentziaren arabera, data horiek euskaraz jartzea, "erregistro orriak faltsutzea" da. Gidariak errekurtsoa jarri dio isunari, baina Andaluziako Juntako Herri Lan eta Garraioen sailak errekurtsoa atzera bota eta Guardia Zibilaren ekinbidea babestu du.
Hirugarrenez ospatzen ari dira Zarautzen Euskarastea. Asteartean hasi zuten egitaraua eta iganderaino luzatuko da. Beren baitan bildu eta bilduko dira, EHE, Xakela Gaztetxe Asanblada, AEK, Txaparro Kultur Elkartea, Egunkaria Libre! eta Urola Kostako Hitzak antolatuta, Garabideren eta Kontseiluaren hitzaldi bana, Egunkaria auziaren inguruko mahaingurua, kopla txapelketa, euskarazko bideo-emanaldia eta abar luze bat
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua biziki kezkatuta dago euskararen normalizazioak Nafarroan daraman bidearekin. Hori azaltzeko, agerraldia egin dute Kontseilua osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariek. “Euskara normalizatzeko beharrezkoa den hizkuntza-politika eragingarria baztertu eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak sistematikoki zapaltzea ahalbidetzen duen politika du indarrean UPNren Gobernuak”, azaldu du Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak
|
Euskaraz bizi sarean