• 21
    MAR

    Donostiako Bagera Euskaldunon Elkarteak eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) iaz martxan jarri zuten ekimenari jarraipena eman diote Zarautzen OEEk berak eta EHEk. Euskaraz bizi nahi duen herria izatetik euskaraz bizi den herria izatera pasatzeko urratsak ematen ari dira Zarautzen. Ekimen honekin, herritarrak mediku euskalduna eskatzera animatu nahi dituzte, eta, mediku euskalduna dutenen kasuan, haiekin euskara erabiltzen hastera bultzatu.  Finean, osasun arloan ere euskaraz bizitzea sustatzea du helburu 'Euskaraz osasuntsuago!' kanpainak. 

    Urola Kostako Hitzatik hartutako albistea:

    Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Euskaraz osasuntsuago! kanpaina abiatu berri dute. Zarautzen osasun arloan ere euskaraz bizitzea sustatzea du helburu, eta bi alderdi  ditu. Batetik, herritarrek mediku euskalduna eskatzera animatu nahi dituzte, eta, bestetik, mediku euskalduna dutenen kasuan, haiekin euskara erabiltzen hastera bultzatu. «Askotan, nahiz eta medikuak euskaraz jakin, gaztelaniara jotzen dugu harekin hitz egiterakoan. Ohitura zaharrak hautsi behar dira, eta euskaraz aritu, medikuarenean ere», azaldu du  EHEko kide Idoia Agotek.

    Iaz EHE Zarauzko Osasun Zentroko errealitatea ezagutzeko asmoz zenbat mediku euskaldun zeuden aztertzen hasi zen. «Osakidetzan sendagile eta langile euskaldun asko daude, baina gehienetan gaztelaniaz funtzionatzen dute, ez baitago hizkuntza eskubidea errespetatzeko plangintza egokirik», azaldu du EHEko Saioa Arizmendik. «Teknikoki  zerbitzuak planifikatzerakoan ez dute kontuan hartzen hizkuntzaren aldagaia, eta horrek prozeduran eragozpenak sortzen dizkiete euskaraz aritu nahi duten medikuei ere».

    Herritarrek mediku euskalduna eskatzea da kanpainaren helburua.


    Txikitik eragin
    Osakidetza erakunde handia izaki, hor eragitea zaila dela diote EHEko kideek. «Guk arazoa sortu nahi dugu. Gauza txiki batekin bidea ireki, gerora administrazioetan eragin, eta horiek euren artean hitz egiten hasteko». Mediku euskalduna eskatzen duten ahalik eta herritar gehien biltzea dute helburu. «Eskaera handia izango bada, zerbitzua hobetzeko beharra senti dezakete administrazioek».

    Izan ere, legediaren arabera, osasun zentroetan erabiltzaileek pediatra zein familia medikua euskalduna soilik eska daiteke.  Ezin dira espezialista euskaldunak eskatu; «legez erdaldunak izan daitezke». Pediatra edota familia mediku euskaldunen artean ere portzentaje batek izan behar du euskaraz ariko dena. 45 urtetik gorakoak ere salbuespenak dira: mediku horiei ez zaie eskatzen soslai euskaldunik.

    «Guk herri mailan zerbait zehatzarekin hasi behar genuela erabaki genuen», nabarmendu du EHEko Saioa Arizmendik. Horretan ari zirela, Donostian Bagera Euskaldunen Elkarteak eta OEEk kanpaina bat abiatu zutela jakin zuten, eta haien ereduari jarraitu diote.

    Kanpaina aurrera eramateko, berriz, mediku eta erizainekin batera eginez gero «oihartzun handiagoa» izango zuela ohartu ziren. «Osasun arloko figurak izanda, jendeak eredu horiek ikusita aldaketa ematen lagunduko zutela ikusi genuen. Haiek bidelagun hartuz gero, erantzuna aberasgarriagoa izango zela ohartu ginen», nabarmendu du Arizmendik. «Bagenekien arlo horretan ere euskaraz lan egin nahi zuten profesionalak bazeudela». Hala elkartu ziren Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin.

    Behin elkartuta, herritarrei erraztasunak ematea izango da haien xedea, eta mezua adin guztietako herritarrei zabaltzen hasi dira hala. Helduengana heltzeko zahar etxetara eta elizetara jo dute, eta ikastetxetara gazte zein haien gurasoengana iristeko.

    Ildo horretatik, herriko elizetan eta Iñurritza zein Udaberri elkarteetan eskuorriak banatzen hasi dira. Hain zuzen, Santa Klara eta Frantziskotarren elizako apaizek laguntzeko «prestutasun handia» agertu dutela kontatu du Agotek. «Kanpaina osasungintza arloan soilik egin behar al genuen galdetu ziguten».

    Balizko egoeren bideoak
    Gazteen kasuan, medikua aukeratu aurretik informazioa helarazi nahi diete. «14 urtetik aurrerako gazteek pediatra utzi, eta familiako medikua ezartzen zaie. Askotan ez dakite mediku jakin bat eskatzeko aukera dezaketenik ere». Puntu horretan eragin nahi dute, aukeratzerakoan mediku euskalduna eska dezaten. Ikastetxe guztiekin hitz egin dutela diote, eta materiala zabaltzeko prest agertu direla.

    Mezua are gehiago zabaltze aldera, osasun zentroetan bizi daitezken egoera ezberdinekin
    hiru bideo osatu dituzte.

    Ostiralean erakutsi zituzten Modelon egindako ekitaldian, eta www. aldabataria.net webgunean ikusgai daude dagoeneko.

    Halaber, martxoaren 23an eta apirilaren 20an informazio mahaiak jarriko dituzte Musika Plazan, 11:00etatik aurrera. Bertan mediku euskalduna eskatzeko prozesuaren nondik norakoak azalduko dizkiete gerturatzen direnei, baita eskabidea egiteko paperak banatu ere. Interesa dutenek papera bete eta bertan utz dezakete. Gerora, EHE eta OEEkoek igorriko dituzte dagokien lekura.

    Bertaratu ezin dutenek, aldiz, osasun zentroan bertan egin dezakete eskaera. Etxeetara ere banatuko dute informazioa zein orria ere. Zalantzaren bat izanez gero, zarautz@euskalherrianeuskaraz.org helbidera idatz daiteke.

    Kanpainak hilabete inguru iraungo du. Amaierarako festa prestatu dute: Bertso saioa. Apirilaren 20an izango da Modelon, eta besteak beste, Amets Arzallus eta Julio Sotok hartuko dute parte.
    Aldaba, EHNE, euskara, euskaraz osasuntsuago, herritarrak, kanpaina, medikuak, osasungintza, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Zarautz

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.