Hizkuntza eskubideak errespeta daitezen, osasun arloko erabiltzaileak eta langileak batu nahi dituzte.
Euskal Herriko osasun sistemetan euskarazko arreta bermatzeko, Berdin elkartea sortu dute. Atzo egin zuten aurkezpena Durangon. Arlo askotako atxikimenduak bildu ditu oraingoz. Tartean dira Nahia Aia ginekologoa, Uxue Alberdi, Karmele Jaio eta Pako Aristi idazleak, Miren Amuriza bertsolaria, Naia Alzola txirrindularia eta Alaitz Atxurra osasun arloko administraria. Gizarte eragile zenbait ere izan dira elkartea aurkezteko agerraldian, babesa adierazten; tartean euskalgintzakoak: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, AEK eta EHE, besteak beste.
“Osasunak ongizate orokorreko egoera izan beharko luke helburu. Pazientea da ardatz eta zerbitzua pazientearen egoerari, izaerari eta inguruneari egokitu behar zaio”, azaldu zuen atzo Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Bide horretan, osasun arreta pazientearen hizkuntzan eskaintzea oinarrizkoa dela azpimarratu du. Gaur-gaurkoz, ordea, ez da euskarazkoa bermatzen. “Edonon, edonoiz eta maila guztietan bermatu behar da euskara. Kontsultategian edo ospitalean, ahoz eta idatziz”. Adierazi zutenez, horri aurre egiteko sortu dute Berdin elkartea. “Laguntza behar duenari babesa eman, informazioa eskaini eta elkarren arteko harremanak bultzatu nahi ditugu”.
Medikuntzan hizkuntza ez da osagarria, betebeharreko gaitasuna baizik, Aitor Montes Aramaioko familia medikuaren arabera. “Kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen den zerbitzua da, ez besterik”. Adierazi zuen erabiltzaileen ama hizkuntza errespetatu egin behar dela, eta osasun zerbitzuak ere eskaini egin behar duela hizkuntza aukera. “Arreta euskaraz eskaini egin behar da. Erabiltzailea ezin da eskatzera behartu, ez da etikoa eta ez du kode deontologikoa betetzen”.
Atzoko agerraldian, Baztango egoeraren berri eman zuen Garbiñe Elizegi alkateak. Zailtasunak dituzte euskarazko osasun zerbiltzua izateko eta egoera aldatzeko neurri bila hasi ziren erakundeetan. “Osasunbidean esan ziguten hizkuntza irizpideak ezarrita zeudela eta ez zituztela aldatuko. Osasun zentroko langileekin ere saiatu gara egoera aldatzeko neurriak proposatzen, baina langileek ez dute beharrik ikusten”. Horregatik uste du Elizegik gaiari heltzeko herritarrak elkartzea beharrezkoa dela.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean