Iazko udan hainbat gorabehera izan ziren oporren ordezkapenetan: mediku erdaldunak jarri zituzten hainbat herritan. Kexuak bideratzeko formulario bat jarri du Kontseiluak.
Uda garaian, langileek oporrak hartzen dituztenean, ordezkapenak nabarmen ugaritzen dira osasun zerbitzuetan. Euskarak atzera egiten du kasu askotan, mediku euskaldunen ordezko gisa erdaldunak jartzen baitituzte. Iaz izandako gorabeherak gogoan —hainbat herritan protestan atera ziren, mediku erdaldunak bidali zizkietelako—, aurten horrelakorik ez egiteko eskatu diete Osakidetzari eta Osasunbideari hainbat elkartek.
Kontseiluaren barruan osasuneko lantaldea osatzen duten taldeekin batera —Behatokia, EHE Euskal Herrian Euskaraz, OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Topagunea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea—, bat egin dute LAB sindikatuak, Berdin elkarteak eta Medikuntzako Asanbladak ere.
Ohartarazi dute "oso sentsiblea" dela osasun zerbitzua, eta hizkuntz eskubideak errespetatzeak berebiziko garrantzia duela hor. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aitortu du iaz "irtenbide partzial batzuk" eman zituela Osakidetzak: protestan atera ziren herrietara mediku elebidunak bidali zituen, "presioak eraginda". Ez dute onargarritzat jo, hala ere, protesta egin duten herrietako hutsunea betetzeko beste leku batzuetatik mediku euskaldunak kentzea.
"Erroko aldaketa" behar da egoera bideratzeko, Bilbaoren iritzian. Hiru bide aipatu ditu, adibidez: euskalduntze prozesuak ongi antolatzea, euskara zerbitzu emateko gaitasunik ez duten langileak ez kontratatzea eta euskalduntzeko prozesua unibertsitatetik bertatik hastea —osorik euskaraz ikastea ezinezkoa da oraindik—.
Iazko udako arazoak gogoan, formulario bat jarri du martxan Kontseiluak. Euskarazko zerbitzua ezin izan badute euskaraz jaso edo trabak jarri badizkiete, webgune horretan kexatu ahalko dira herritarrak, eta Behatokiak bideratuko du kasua. Sare sozialetan #osasuntsuEUS traola erabiliko dute.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean