Eskariak Osasunbideari igortzeko eskatu dute. Kasu egin ezean, Arartekoari eta Behatokiari bidaliko dizkiete.
Etxarriko Osasungintza Euskaraz lantaldeak bultzatuta Mediku euskalduna nahi dut kanpaina egin da apirila erdialdetik hona. Eskaera hori egiten duten 592 sakandarren sinadurei Sakanako ikastetxe publikoetako orientatzaile guztiak eta ibarreko bi ikastolak batu zaizkie. Kanpaina Etxarritik kanpo zabaldu dute, Etxarriko Oinarrizko Osasun Eskualdeak Urdiain eta Lakuntza arteko herritarrak artatzen dituelako eta Emakumeari Laguntzeko Zentroa Sakanatik Leitza alderaino iristen delako.
Etxarriko alkate Eneka Maizek Etxarriko Osasun Etxeko zuzendaritza euskararen erabilera bultzatzeko lankidetzarako prestutasuna nabarmendu zuen; “baina haien esku ezer gutxi dago. Egungo egoeraren ardura Nafarroako Gobernuari dagokio”. Hari zuzendutako eskaeretan plantilla organikoan euskara eskakizuna zehaztea eskatu dute, lehenik. Bigarrenik, dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea. Eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…). Maizek berak aurkeztuko ditu eskaerak heldu den astean.
Jasotako sinaduren aurkezpenean Etxarriko EHEko Maider Ansak gogora ekarri du Nafarroako Euskararen Legearen 10.1 artikuluak osasun zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea aitortzen duela: “Nafarroako Gobernuak, ordea, behin eta berriz entzungor egin dio bere eginbeharrari. Etxarriko plantilla organikoa ikustea besterik ez dago: 4 mediku lanpostutatik 1ek eta 4 erizain lanpostutik 2k dute hizkuntza eskakizuna” adierazi zuen Ansak. “Egoera are larriagoa da Emakumeen Laguntzarako Zentroan lanpostu bakar batek ere ez baitu hizkuntza eskakizunik”, gaineratu zuen.
Ikastetxeen kexa
Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetako orientatzaileek salatu dutenez, “Orientazio Psikopedagogikoaren alorrean (…) Etxarriko Emakumeen Arretarako Zentroan diharduen sexualitaterako hezitzaileak funtsezko paper bat betetzen du”. Patxi Satrustegi: Aralarko Mikel Donea institutuko orientatzaileak gaineratu zuenez, “bere zereginen artean daude: aholkularitza lanak (bilerak, aholkuak, materialak…) orientatzaileekin, irakasleekin eta guraso elkarteekin; eta saio zuzenak ikasleekin ikasgeletan eta Arreta Zentroaren erakustaldietan”.
Orientatzaileen ordezkariak salatu zuenez, “Sexualitatearen Heziketa euskaraz eskaintzeak eskubidea izateaz gain oinarrizko behar bat da eskola komunitatearentzat. Kalitatezko Hezkuntzaren garapenak eta bermeak hizkuntzaren, Euskararen, betekizuna bere baitan behar du, berezkoa du”. Ikastetxeetatik, beraz, “Etxarri Aranatzen aritzen diren Emakumeen Arretarako Zentroko langileak euskaldunak izatea" galdegin dute. "Sexualitatearen hezkuntzan Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetan aritzen den profesionala” bereziki. Ikastolek eta zenbait irakaslek ere bere egin dituzte kanpainako eskaerak.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean