• 12
    OTS

     PSEk garbi utzi zuen Jaurlaritzara iritsi aurretik zein izango zen euskararekiko aplikatuko zuen politika. Euskara Askatasunean manifestua argitara eman orduko, bere babesa helarazi zien Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Plataformako kideei zein euskara ikasteko bi urteko eszedentzia izanda, euskara ikasi nahi izan ez, eta itxialdia egin zuten irakasleei. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernura iritsi ahala, Rafael Bengoa Osasun sailburu berria izan zen oposaketetan euskararen balioa berraztertu beharko zela esaten lehena, eta ondoren Rodolfo Ares Barne sailburuak jarraitu zion, Ertzaintzako lanpostuetan gutxieneko hizkuntza eskakizuna "aski nahikoa" zela eta "euskadiko errealitate sozio-linguistikoarekin bat" zetorrela esanez. Oraingoan, PSE eta PPko legebiltzarkideek hartu dute lekukoa eta Jaurlaritzari eskatu diote Lan Eskaintza Publikoetan euskarak duen balioa jaisteko

     

     

    Iaz, EAJren menpeko Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetan eskaini ziren ia 2.500 lanpostuetaik 151ri baino ez zitzaien eskatu azterketako unean euskararen gutxieneko ezagutza akreditatzea. Areago, lan deialdi publikoan parte hartu zuten hainbat euskaltzalek salatu zutenez, azterketak prestatzeko gaitegien itzulpenak oso kaskarrak izan ziren. Batzuetan galderak okerrez gainezka zeuden, eta beste batzuetan aldiz, euskara eta gaztelerazko bertsioak bat etorri ez eta kontrajarriak ere baziren. Hori gutxi balitz, eta Behatokiak salatu bezala, Ertzaintzak iragarritako heldu diren oposaketetan ere ez da bermatuko euskaldunon hizkuntza eskubidekiko errespetua, eta orain gainera, PSEk eta PPk eskaria egin diote Jaurlaritzari oposaketetako merituetan euskarak duen balioa berraztertzeko. Berraztertzeko, noski, beheranzko norabidean.

    PSE eta PPren itunak euskara eta euskal nortasunaren aurkako hainbat puntu jasotzen ditu. Itun guztiaren parte nagusiak horri baino ez dio egiten erreferentzia, eta gaurkoan ekin diote papereko mehatxuak egikaritzeari. Zentzu horretan, PPk eta PSEk bideratutako legez besteko proposamena onartu zuten legebiltzarrean. Horrekin batera, lan eskaintza publikoetako zerrendetan ezartzen diren hizkuntz eskubideen "egokitasuna" berraztertzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Hizkuntz eskakizunen "egokitasuna" baloratzeko, hainbat irizpide hartu beharko ditu kontuan Jaurlaritzak: "Zerbitzuaren beharrak, toki bakoitzeko eskaria eta administrazio publikoekin EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aritzeko eskubidea bermatzeko beharra". Ildo horretan, eskaintzen dituen lanpostuetan "baldintza berdinen printzipioa" bermatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, eta horretarako "behar beste neurri" hartzeko; Berria egunkariak jakitera eman duenez. UPyDk abstenbtzioaren alde egin zuen neurri zehatzik ez zelako proposatu eta EAJ, Aralar eta EBk kontra bozkatu zuten. EAko legebiltzarkideak ez zuen eztabaidan parte hartu.

    EHEk behin eta berriz adierazi du Euskal Herriko administrazioetako langile guztiek jakin behar dutela bertako hizkuntza bakarrean hitz egiten. Euskarari lehentasuna ematea ezinbestekoa da gure eguneroko aspektu guztietan herritarrok euskaraz bizitzea ahalbidetu nahi badugu, eta horretarako, Euskal Herri osorako ofizialtasuna nahitaezkoa da. Euskaraz bizitzeko egungo egoera atzean utzi eta erroko aldaketa behar dugu, bai maila sozialean zein juridiko eta politikoan, egungo markoak gaindituz eta euskarak bizi duen menpekotasun izaerari buelta emanez.

    Eranskinak:

    Berria