Aurrekoan Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburua izan zen euskara eraso berrien jomugan ezarri zuena, eta orain Jaurlaritzako bozeramale Idoia Mendia izan da Euskarari izaera nagusia aitortzen dioten dekretuak atzera botako dituztela iragarri duena. Zentzu honetan, EHBEk administrazioak ohartarazi ditu “euskararekin ez jolasteko” eta euskararen alde “hitzez eta ekintzez” jarduteko galdeginez
{mosimage}
Jaurlaritza berriak kementsu ekin dio Alderdi Popularrarekin adostu ituna gauzatzeari. Gune honetan bertan jaso dugu orain gutxi Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburu berriak egunkari ezagun bateko orrialdeetan iragarri zuena, hots, datozen oposaketa deialdietan euskarak zuen balioa eta puntuazioa jaitsi egingo direla. Legeak agindutakoa ere ez zen betetzen lehen, eta Jaurlaritza berriak arazoa konpondu beharrean, arazoa sakontzeko hautua egin du.
Alta, ez da aipatu alorra izango euskara jomugan jarriko duen bakarra, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen dituen administrazio eraberrituko bozeramaleak aurreko hezkuntza sailburuak bultzatutako hainbat dekretu baliogabetzeko asmoa mahaigaineratu baitu. PPk ikastetxeetara A eredua bueltatzeko eskariari men, Jaurlaritzak hiru ereduak bermatuko dituela esan du Mendiak. Halaber, PSE-EEk gustuko duen eredua “beste bat” dela ere esan du, baina legebiltzarrean “adostasun zabal batekin” onartu nahi dituela aitortu du. Hirueletasunaren aitzakia oinarri duen Nafarroako ereduaren mamua dakar honek gogora.
EHBEk Euskal Herriko administrazioak ohartarazi ditu
Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) eragileak “euskararekin ez jolasteko” eta euskararen alde “hitzez eta ekintzez” jarduteko galdegin die Euskal Herriko administrazioei. Eragile euskaltzalearen aburuz, D ereduak soilik ziurtatzen du ikasleak euskalduntzea eta eredu hori indartzeko euskarari lehentasuna emateko eskatu du.
Haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino euskarak bizi duen egoera aztertu du EHBEk txosten batean eta beren bidez erantzun die Nafarroako Hezkuntza Kontseilari Carlos Perez-Nievasi eta Jaurlaritzako Isabel Celaari: “kasurik onenean proposatzen ari dira dagoen egoera bere horretan edukitzea; eta, okerrenean, ikusten dugu egoera okertzeko politikak gauzatzeko gogoarekin dabiltzala”. “Gaur egun ikasleen erdia baino gutxiago euskalduntzen da eskolaren bidez (...) Beste 50 urte gehiago beharko genituzke kasle guztiak euskalduntzeko (...) Egoera gordina dugu, eta gaudenean egoteak arazo larriak ekarriko ditu euskararentzat; ez dugu lortuko belaunaldi berriak euskalduntzea” gaineratu du eragileak.
“Politika berriak” galdegin ditu hortaz EHBEk, ikasle guztiak euskalduntzea lehentasun izango duena, alegia. Areago, hizkuntza bakarrean oinarritutako hezkuntza sistema nazionalaren beharra aldarrikatu du eragile euskaltzaleak.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen aurtengo Udako Ikastaroetan gaztelaniaz egingo diren 89 ikastaroen aurrean, zortzi izango dira euskara hutsez egingo direnak eta lau ingeleraz. Hartara, unibertsitateak euskalduntzeko prozesuak motelduta daudela adierazi eta udako ikastaroen afera arbuiatu du EHBEk.
Eranskinak :
www.berria.info (Idoia Mendia)
www.berria.info (EHBE)
{mosimage}
|
Euskaraz bizi sarean