• 04
    EKA

     

    Eusko Jaurlaritzak herri euskaldunaren aurkako hainbat neurri hartu ditu PSE bertara heldu zenetik, eta hainbat alor ezberdinetan eragin du euskararen normalizazioa oztopatzeko asmoarekin. Osakidetzan ahalegin berezia egin du Jaurlaritzak; horren adierazle garbia da Rafael Bengoa sailburuak kargua hartu eta batera lan deialdi publikoetan euskararen balioa murriztearen inguruan esandakoa. Oraingoan baina, Osakidetzako zerbitzuen kalitatea neurtzeko aldagaien artean euskara sartzeari uko egin dio PSE-EEk.

     

     

    Berria egunkaritik hartutako albistea:

    Osakidetzako zerbitzuen kalitatea neurtzeko aldagaien artean euskara sartzeari uko egin dio PSE-EEk. Programa-kontratu izeneko tresna da ebaluazio hori egiteko erabili beharreko bidea, Euskararen Erabilera Osasun Sisteman Normalizatzeko dekretuak horrela ezarrita. Baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak euskarari buruzko konpromisoak urteroko programa-kontratuetatik kendu ditu, eta nahiz eta atzo Eusko Legebiltzarrak euskara berriro baloratzeko eskaera eztabaidatu, PSEk ekimenaren aurka bozkatu zuen, PP eta UPDrekin. Egun «beste modu batean» baloratzen dela argudiatu zuten. 

    Rafael Bengoa Osasun sailburuak erabilitako argudioak bere egin zituen Vicente Reyes PSEko legebiltzarkideak bere taldearen jarrera defendatzeko. Euskara programa-kontratuetatik kendu den arren euskararen erabilera sustatzeko aurrekontua igo dela gaineratu zuen, eta nabarmendu zuen euskararen aurkako inolako erasorik ez dela gertatu. 

    Eztabaidaren oinarrian, egun indarrean dagoen legea betetzea dagoela gogorarazi zuten EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk, eta esan zuten 2005etik indarrean dagoen dekretuari datorren urtera arte eutsiko diotela. «Legearen alde ez dagoenak esan dezala», ohartarazi zuen Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak. 

    Dekretua indargabetzea 

    PPk, PSE-EErekin legegintzaldi honetarako ituna sinatu duen alderdiak, gaineratu zuen euskararen erabilera normalizatzeko dekretua «indargabetzea edo aldatzea» espero duela. Dekretua gaztelaniaz baino ez dakiten pertsonekiko «diskriminatzailea» dela nabarmendu zuen Laura Garrido PPko legebiltzarkideak. Horren haritik jo zuen UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, PSE eta PPrekin batera atzoko ekimenaren aurka bozkatu zuen hirugarren alderdiko ordezkariak. «Legea betetzearen alde gaude, baina lege eta dekretu batzuk aldatu nahi ditugula aurreratzen dut».

     

    Eranskinak:

    Berria