• 13
    UZT

     

    Hiru urtez bildu gabe egon ostean, porrot egin du Osakidetzako mahai sektorialeko euskara batzordea berriz biltzeko saiakerak. Ordua eta lekua jarrita zeuden, partaide batzuk ere bertan ziren, baina bilera ez zen hasi ere egin arduradun politikoek hitzorduari muzin egin ziotelako eta bat-bateko itzulpengintza zerbitzurik ez zelako bermatu. Bilera aurrera eramateko gutxieneko baldintzarik ez zela argudiatuta, batzordeko sindikatu guztiek bilera bertan behera uztea erabaki zuten. Azken urteotan Osakidetzan ematen ari diren euskaldunon aurkako jarrera mespretxatzaileen artean beste bat baino ez da izan azken hau

     

    Iragan maiatzaren 26an Osakidetzako Euskara Plana egokitzeko lehentasunezko hamalau neurri aurkeztu zituen Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Zertarako baina? Osakidetzaren ebaluazio planetan, euskara ebaluatzeko elementuen artetik baztertzea erabaki zuen Bengoak eta hizkuntza eskakizunak gutxitzea ere erabaki zuen. Alderdiek eta hezkuntza munduko eragileek zein euskalgintzak kritika ugari helarazi zikioten sailburuari erabaki horien itzalean Euskara Plana egokitzeko hamalau neurri horiek plazaratzeagatik, euskara plana ez ei baitzen ongi garatzen ari, eta neurri berriak landu gabeak baitziren.

     

    Jaurlaritzakoen hitzen eta ekintzen artean dagoen aldearen erakusgarri den gertakizuna eman zen iragan ostiralean, hiru urtez bildu gabe zeraman Osakidetzako mahai sektorialeko euskara batzordearen hitzordu berriaren atarian. Ez zen hasi ere egin. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Esteban Ruiz Giza Baliabideetako zuzendaria ez zen agertu bilerara; Giza Baliabideetako zuzendariordeak aldiz, segidan egin zuen ospa. Hori gutxi balitz, bat-bateko itzulpengintza zrbitzurik ez zuen bermatu Osakidetzak, eta horren aurrean, batzordean parte hartzekoak ziren sindikatuek bilkura bertan behera uztea erabaki zuten.

    Osakidetzako euskara planaren epealdiaren erdian, plana aztertu zen, eta arestian aipatu neurriak proposatu ziren. Neurri horiei buruz txostena prestatu du Osakidetzak, eta hori zen euskara batzordean aztertu beharreko gaia. Ordezkari politikorik ez zen izan bileran, eta euskara zerbitzuburuaren gain gelditu zen neurri zuzentzaileak aurkezteko zeregina. Sindikatuen esanetan, "Euskara planari lotutako erabakiak politikoak dira, eta, beraz, teknikariak ez du horien gaineko erantzukizunik". Bestalde, neurri zuzentzaile horien artean jasotzen da mahai sektorialeko bilera guztietan bat-bateko itzulpen zerbitzua egon behar dela, eta txostenak berak lortutako helburutzat jotzen du, ELAren hitzetan. Hala ere, ez zen bat-bateko itzulpenik egon. Portaera horrekin euskararekiko eta sindikatuekiko Jaurlaritzak eta Osakidetzak erakutsi duten "errespetu falta" salatu zuen LABek, eta "jarrera arduragabea" egotzi zien agintariei.

    Bitartean, Osakidetzak euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako neurriak hartzen jarraitzen du, inoren aurrean azalpenik eman gabe.

    Eranskinak:

    Berria