Kexuetatik harago, euskaldunok eskubidez dagokigun osasun-zerbitzu euskalduna galdegiteko beharra nabarmendu dute. Maiatzaren 17an eskaerak egiteko laguntza emanen dute Donostiako anbulatorioetan.
Osasun-arloko egoera eta “garrantzia” ikusirik, familia-mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko kanpaina abiatu dute Bagera (Donostiako euskaltzaleen elkartea) eta OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) eragileek. Aipatu dutenez, sendagile eta langile euskaldun anitz dago Osakidetzan, baina hizkuntza-eskubideak errespetatzeko plangintza egokirik ez dagoela salatu dute. Horregatik, Donostiako herritarrei familia-mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko deia luzatu diete.
Norberari dagokio eskaera egitea, baina herritarrak laguntzeko asmoz, maiatzaren 17an aukera egonen da eskaria OEE edota Bagerako kideren batekin egiteko. Bakoitzak bere anbulatorioan egin beharko du, eta 10:00 eta 12:00 bitartean, edota 17:00 eta 19:00 bitartean egonen dira eragile bietako ordezkariak argibideak emateko eta laguntzeko prest.
Bagerak eta OEEk familia-mediku edo pediatra euskalduna edukitzeko eskaeren berri izan nahi dute, beraz, eskaera egiten dutenei haiengana jotzeko eskatu diete. Osakidetzaren jarrera aztertuko dute datu horiei esker, eta eskaria onartzen ez zaienei laguntza emanen diete hurrengo urratsak ematerako tenorean.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean