EHEk elkarretaratzea egin du gaur Barakaldoko BECen atarian Eusko Jaurlaritzaren Lan Eskaintza Publiko berriaren iruzurra salatzeko. Areto barruan aldiz, "Osakidetzan euskaraz" leloa zeramaten pankartak bota ditu lehen solairutik.
Iragan astelehenean Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailaren Gipuzkoako Zuzendaritza Nagusian elkarretaratzea egin zuen EHEk asteburu honetan egiten ari diren Hezkuntza eta Osakidetzako oposaketen iruzurra salatzeko. Astean zehar hainbat izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan salaketa horren lekukoa hartu duten herriak. Alta, gaurkoan, oposaketak egiten ari diren BECera bertara eraman du EHEk "euskaraz bizi nahi dugulako, administrazioan euskaraz!" aldarria.
Hurrengo lerroetan duzue Eusko jaurlaritzaren lan deialdi publikoari begira EHEk egiten duen irakurketa:
"Asteburu honetan, ekainaren 15etik 17ra bitartean, hamarnaka mila izango dira Eusko Jaurlaritza egitekoa den Lan Eskaintza Publikoko azterketak egingo dituzten herritarrak. Osakidetzako eta Hezkuntza saileko oposaketetatik 2.000 kontratazio berri baino gehiago aterako dira, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrekin harreman zuzena edukiko duten profesionalen kontratazioak izango dira ia denak.
Beste behin ere, oposaketa hauetatik euskara eta euskaldunak aterako dira galtzaile. Ez da kasualitatea.
Duela hiru urte pasatxo PSEek PPren babesarekin Jaurlaritzako timoia hartu zuenetik herri euskaldunaren aurkako erasoak etengabeak izan dira. “Euskara Askatasunean” izeneko dokumentuan hainbat hitz potolo jaso zituzten, hala nola “formula berriak proposatzea elkarbizitza harmoniatsu eta emankorra lortzeko euskara eta gaztelaniaren artean”. Horren ildotik, “enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela” proposatzen zuen dokumentuak. Praktika politikoak frogatu du hitzen atzean ezkutatzen zena: euskara eta herri euskalduna azpiratuta mantentzea. Izan ere, ordutik hona euskarari begira hartutako neurri nagusiak berau kolpatzea baino ez dute eragin. Ala norbaitek uste du azalera handiko komertzioetan bezeroak euskaraz artatzera behartzen zuen dekretua baliogabetzeak euskaldunon hizkuntza eskubideen bermean aurrerapausoak ekarriko dituena?
Hezkuntzan
Hezkuntzaren alorrean aferak ez du hobera egin. Euskara hezkuntzan lehentasunezko hizkuntza izango zela esaten zuen dekretua baliogabetu zuen Jaurlaritzak boterera iritsi berritan. Ondoren, hizkuntza eredua “aukeratzeko askatasuna” bermatzeko aipatu ereduen inguruko galdera luzatu zien gurasoei matrikulazio garaian. Espero zutenaren kontrara, gurasoek D ereduaren alde egin eta euskalduntzen ez duten ereduekiko herritarren atxikimendu ezarekin egin zuen topo Jaurlaritzak. Horren ostean, ikasleek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzen ez duen hizkuntza-eredua oinarri hartuta, hirueleko ereduaren inposaketa abiatu zuen Celaák eskola-komunitatearen aldarriaren aurka eta ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko Kontseiluaren proposamena baztertuz. Berandu baino lehen izango ditugu saiakera horren emaitzak ere: Celaáren ereduak euskalduntzea bermatzen duten ikastetxeetan baino ez du funtzionatzen. Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi 2012an bertan onartutako azken dekretua. Euskarazko hizkuntza-ziurtagiriak egiaztatzetik salbuestekoa, alegia. Horren bidez, ikastorduen erdia euskaraz egin dutenek ez dute hizkuntza mailarik kreditatu beharko.
Osakidetzan
Rafael Bengoak Osasun eta Kontsumo sailburu kargua hartu eta batera esan zuen oposaketetan euskarak zuen balioa berraztertuko zuela. Esan eta egin. Hauen aurretik egindako azken oposaketetan esleitzen ziren 2.500 lanpostuetatik 151ri soilik eskatzen zitzaien hizkuntza eskakizuna egiaztatzea. Ordutik hona ere ez du (Osakidetzan) euskararen erabileraren normalizazioan urratsik egin. Areago, 67/2003 dekretuan agintzen denaren aurka (euskararen erabilera normalizatzea zerbitzuen kalitateari lotuta egon behar dela), osasun zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko irizpideetatik ezabatu du euskararen erabilera.
Asteburuon egiten ari diren Osakidetzako oposaketetan euskararen balioa %9,1ekoa izango da; orotara lortu daitezkeen 180 puntuetatik 17. Araudiak agintzen duen %10a bera baino baxuagoa.
Osakidetzako euskara planen porrotak ez du etenik izan hamarkadotan, eta hautaprobetan duen garrantzia ikusita, ezin emaitza hoberik espero. Euskara ez da izango beharrezkoa Osakidetzan lan egiteko.
Administrazioan euskaraz
Oraingoan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu egingo dira. Behin eta berriz huts egin duten euskara planak existituko ez bailiran, kontratazio-politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egin edo administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea. Hemendik aurrera ere, hortaz, euskaldunok enegarren mailako herritar izaten jarraituko dugu administrazioaren aurrean eta ezin izango dugu merezi dugun zerbitzu duinik jaso. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere Jaurlaritzaren iruzur berri honen bidez.
Administrazioak urteetan erakutsi duen arduragabekeriak eraman gaitu egoera honetara, eta lan deialdi publiko honetan herritarrok euskaraz bizitzeko dugun eskubideari begirako urratsak eman beharrean, aukera pasatzen utzi eta egoeraren krudeltasuna betikotzera datoz oposaketok. Eta hori, euskara berez ofiziala ei den administrazio batean bizi badugu, zer espero dezakegu halako estatusa aitortu ere egiten ez den administrazioetan?
Iraganeko formulak salatu eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoa den hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu euskaldunoi. Kanpo esku hartzerik gabe, euskaldunok bertatik eta bertara erabakiko dugun hizkuntza politika abiatzea ezin da gerorako utzi; hortik bultza eginez lortuko baitugu Euskal Herri euskalduna. Hori aldarrikatzeko bildu gara gaur hemen, azterketak egiten ari diren Barakaldoko BECen atarian.
Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritako osasun-etxeetan ekimenak egin dira aste honetan zehar arestian aipatutakoak salatu eta aldarrikatzeko.
Euskaraz bizi nahi dugulako, administrazioan euskaraz!
Euskaraz bizi nahi dugulako, Osakidetzan euskaraz!"
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Barakaldo. 2012ko ekainak 16
|
Euskaraz bizi sarean