• 07
    EKA
    Aire berria euskarari! leloarekin ospatuko da UEMA eguna bihar Aramaion

    Euskararentzat arnasgune diren herrien "esfortzua" lagundu nahian, babesa emateko eta legeak garatzeko eskatuko dute UEMAko ordezkariek.

    ‘Aire berria euskarari’ lelopean ospatuko da, ekainaren 8an, Aramaion. Bertan, oraindik orain, euskara bere sorlekuan tokia bilatu ezinik dabilela salatuko dute. Egoera horretan, lurgune euskaldunen garrantzia azpimarratuko dute.

    UEMAko kideen ustetan, udalerrietako ordezkari politiko, eragile sozial edota herritarrez gain, goi administrazioak badu zereginik euskararen normalizazioaren bidean. Hala, orain hogei urte ezarritako legeek lurgune euskaldunen erabateko euskalduntzea ez dutela bermatzen salatu dute.

    Horregatik, eremu hauek euskararen geroan jokatzen dute papera aitortzeko garaia dela uste dute eta udalerriotatik egiten den esfortzua laguntzeko eskatu dute.

    «Finean, arnasten jarraitzeko eta arnasgunea zabaltzen joateko, aire berria da euskarari eskaini nahi dioguna», azaldu dute. Ekainaren 8an euskalgintzako hainbat ordezkari Aramaion izango direla aurreratu dute, baita instituzioetako ordezkariak ere.

    Egun osoko egitaraua osatu dute. 11.30ean hasiko dute eguna trikitilari eta dantzariekin, haurrentzako puzgarriak, artisau azoka, talogileak eta sargardo salmenta izango da goiz osoan zehar, 12.00etan Goizueta eta Aramaioren arteko herri kirol lehia egingo dute, 13.00etan, aldiz, ekitaldi nagusia izango da plazan eta 14.00etan herri bazkaria egongo da.

    Arratsalde partean, Irrien Lagunaken ikuskizuna izango da 16.30ean, 18.30etan, aldiz, erromeria egongo da Zesuma taldearekin eta 22.00etatik aurrera kontzertuak egongo dira.

    UEMAren helburu eta asmoekin bat egiten duten guztiei bertaratzeko deia egin diete.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.