• 18
    UZT

    Anoeta eta Lezok hartutako neurrien helegitearekin hasi zuen Estatu Espainoleko abokatuak Zestoarekin jarraitu eta beste 33 herri erakundetara iritsi daitekeen erasoa.

    Estatuko abokatuak helegitea jarri dio Zestoako Udalaren kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeko erabakiari
    UEMAren webgunetik hrtutako irudia

    (Lezo eta Anoetako udalek euskara lehenesteko hartutako neurrien alde EHEk egindako irakurketa hemen.)

    Zestoako Udalak martxoaren 26an hartu zuen Osoko bilkuran, aho batez, kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzeko erabakia. Erabaki horrek jendaurrean egoteko epea igarota, Gobernu Ordezkaritzatik Carlos Urquijoren ofizio bat jaso zuen, Udalari epealdi horretan errekurtsorik jaso ez zutela egiaztatzen zuen agiria bidaltzeko eskatuz.


    Atzo, Donostiako administrazioarekiko auzien 1 zenbakiko epaitegitik martxoan hartutako erabakiaren aurkako helegitea jaso zuten Udalean, eta besteak beste, erabakiaren espediente osoa gazteleraz Gobernu ordezkaritzara bidaltzeko eskaera jasotzen du helegite horrek.


    Urtarrilean, Gipuzkoako 36 udalek kontratazioetako baldintza agirietan hizkuntza baldintza batzuk sartzea adostu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Udalekin egitasmoaren baitan. Ordutik, 19 udalek eta mankomunitate batek hartu dute hori egiteko konpromisoa osoko bilkura edo Gobernu batzordean, baina askoz ere gehiago dira, egunerokoan kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzen dituztenak.

    UEMAko udalerriak, oso herri euskaldunak izanik, kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzeko erabakia modu naturalez egin izan dute kide diren udalek betidanik. Eta zentzu horretan, aurrerantzean ere egiten jarraitzeko irmotasuna adierazi  du mankomunitateak. Lehentasuna euskaraz bizitzea eta herritarren hizkuntza eskubidea errespetatzea dela ulertzen du UEMAk. Eta kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzeak herritarrek edo udalak berak jasoko duten zerbitzua euskaraz izatea bermatzen duela iritzita, hartutako erabakien zilegitasuna defendatu eta eraso politikotzat jo zituzten jasotako helegiteak maiatzaren 16an emandako prentsaurrekoan.

    (UEMAren webgunetik hartutako albistea)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.