Zarauzko udalak herritarrekin euskara hutsez harremantzea ahalbidetuko zuten hizkuntza irizpideak adostu ondoren, helegitea jaso du Espainiako delegatuaren bidez, ustez legea urratzen duelakoan. Horren aurrean, “arazo nazionala” dela kontutan izanik, erantzun bateratua galdegin du Zarauzko euskalgintzak.
Zarauzko udalak adostutako hizkuntza irizpideei jarritako helegiteak erabat sumindu du Zarauzko euskalgintza. Ez da lehen kasua. Aurretik Anoeta, Lezo, Zestoa, Errezil, Elgoibar eta Zumaiako udalek ere jaso dute helegitea. Gainera, “batzuek euskararen normalizaziorako bidea oztopatzeko erabakia hartua” dutenez, “ez dirudi helegiteok azkenak izango direnik”, Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren hitzetan. Arazoa ez da beraz “herrira” mugatzen, zarauztarren ustetan, “arazoa nazionala da”.
Horren aurrean, helegitea jaso duten udalekiko atxikimendu eta konpromiso kanpaina bat jarri dute abian beste zenbait eragilerekin batera. “Herritarrekiko tratua nahiz kontratazio publikoak euskaraz egiteak legea urratzen duela argudiatuz” Zarauzko udala auzitara eraman ondoren, “gure hizkuntzan” lasaitasun osoz bizitzeko garaia dela diote. Baita “euskarak merezi duen estatusa” izateko ere. Hori lortzeko pausutzat jo dituzte Zarautz zein beste 35 udalerrik emandako urratsak. “Oztopoak datoz orain” salatzen dute ernegatuta.
Jazarritako herriei zein “hauen hizkuntza irizpideei” babes osoa eskaini ondoren, “euskaraz bizitzen segitzeko” eta “eraso hauek salatzeko hurrengo asteotan antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko” konpromisoa hartu dute.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean