Carlos Urkijok bultzatuta, Estatuko abokatuak Zarauzko zein beste 35 herritako udalek adostutako hizkuntza irizpideei helegiteak jarri zizkien. Hori jasandako udalei "babes osoa" agertu eta espainiar Estatuko ordezkariaren zein abokatuen jarrera salatzeko mosaiko erraldoia antolatu du igandean Zarautzen bertako EHEk. Mosaikoaz gain, kalejira eta hamaiketakoa ere izango dira.
Zarauzko udalaz gain hizkuntza irizpideak ezarri dituzten gainontzeko herriei babes osoa adierazi eta Carlos Urkijo zein Estatuko abokatuaren "jarrera zapaltzailea" salatzeko, bertako EHEk antolatuta, mosaiko erraldoia egingo da igandean Zarautzen. UEMAn sartu aitzin, Udal gobernuak oposizioko alderdiekin batera (PP salbu) hizkuntza irizpide berriak adostu zituen otsailaren 27an. Irizpide berriek udalak herritarrekin euskara hutsez - hitzez zein idatziz- harremanduko zela jasotzen zuen, besteak beste. Euskarari lehentasuna ematen zitzaion bistan denez.
"Herritarrekiko tratua nahiz kontratazio publikoak euskaraz egiteak legea urratzen duela argudiatuta" espainiar estatuko abokatuak helegitea jarri dio udalari ordea. Ez da bakarra. Orotara, 36 herri dira jasan dituztenak. Denak ere euskaraz "lasaitasun osoz bizi gaitezen" ahalbidetzeko pausuak eman dituztenak. Ondorioz, "erasoaren dimentsioa oso handia da" zarauztarren ustetan.
Horren aurrean, hizkuntza irizpideak ezarri dituzten udalei "babes osoa" erakutsi eta Urkijo zein Espainiako abokatuen jarrera salatzeko "ekimen eraikitzaile eta parte hartzailea" antolatu dute. Azaroaren 3an, 11:00etan Zarauzko Munoa Plazan jarri dute hitzordua. Hondartzan mosaiko erraldoi bat osatu ondoren, kalejiran udaletxera joan eta hamaiketakoa eginez borobilduko dute eguna.
“Euskaraz bizitzen segitzeko eta Euskal Herri euskaldunaren alde borrokatzeko" konpromisoa berretsi eta herritarrak batzera deitu ditu Zarauzko EHEk.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean