• 18
    ABE

    Auzoko festak zirela eta, EHEk ekimena egin zuen iragan larunbatean Txantrean. Udalak 2012an onartutako euskara ordenantza betetzen ez zuela medio, plaka erdalduna euskarazkoarekin ordezkatu zuten. Ekimena EHEk nazio mailan udalei begira datozen egunotan aurkeztuko duen dinamikaren baitan kokatu zuten, herri aktibazioaz udalen hizkuntza politiketan eraginez, betiere euskarari lehentasuna emango dioten politika eraginkor eta burujabeak izatearen bidean.


     

    Herritarrei esker Txantrea Txantrea da berriro

    Gauzak bere onera eraman dituzte Iruñeko Txantrea auzoko herritarrek. Auzoko eguna zutela probestuz, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) bultzatuta, plaza berriz inauguratu zuten, berau izendatzen zuen plaka erdalduna euskarazkoarekin ordezkatuz. Goizean dantza, musika eta txerri zozketak protagonista izan zituen herri azoka ospatu aitzin, arratsaldean gauzatu zuten ekimena. 13:30ean trikitixak eta dantzariek lagunduta plazatik bueltatxoa eman eta EHEko banderolaz estalita zegoen plakara hurreratu ziren auzokideak. Ekimenaren zioak azaltzen zituen testua irakurri, banderola kendu eta aurreskua dantzatuz eman zioten ongi etorria Txantrea plaza zaharberrituari.


    Ekimenak EHEk udalei begira nazio mailan abiatuko duen dinamikaren baitan aurrekari izan nahi zuen, herri aktibazioaren bitartez udalen hizkuntza politiketan eraginez.


    Ekitaldiaren amaieran azaldu zutenez, “Iruñeko euskalgintzaren ekimenaren ondorioz” udalak 2012an euskara ordenantzak aldatu zituen, bertan euskarak eta gaztelerak trataera berdina izango zutela jasoaz. Bi urteotan, baina, “Txantreako plazako plakak ez du aldaketarik izan”, horrantz bideratu beharreko 14.000 euroko partida gauzatzeke baitago. Euskaldunon hizkuntza komunitatea, enegarren aldiz “gutxietsia” izan da.

    “Euskaraz bizitzeko eskubidea” dutela eta euskaraz bizi nahi dutela adierazi zuten suharki, bide horretan udalari “tresnak” jarri behar dituela gogoraraziz. Udalarekin harremanak euskaraz izateko eskubidearen bidean lan egingo dutela berretsi zuten, horretarako Txantreako auzokideen “ezinbesteko” parte hartzea lagun.

    Azkenik, Txantrea plaza “herri ekimenari esker” euskaldundu zutela azpimarratu zuten, “euskaraz bizitzeko hautua” are gehiago indartuko duelakoaren esperantzaz.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.