EHEk Senperen aurkeztu duen egitasmoaren helburuek ez dute sekreturik: “Herritarrak aktibatu nahi ditugu, euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook herriko etxe zein udalekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen”.
EHEren oharra:
"Egitasmoaren helburuek ez dute sekreturik: “Herritarrak aktibatu nahi ditugu, euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook herriko etxe zein udalekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen”.
Egitasmoaren logika eta oinarria, zentzu berean, oso sinpleak eta zuzenak dira:
'Euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta euskaraz bizi nahi dugu.
Udala edo herriko etxea da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa eta baditu hizkuntza politika egiteko konpetentziak. Hortaz, herriko etxe zein udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diogu'.
Dinamika hori herritarrengandik herriko etxeetara zein udaletara eskari zuzen eta konkretuak bideratzean oinarrituko da. Horretarako Senperen batu gara, Senpertarrek aurrekari bat jarri zutelako iaz mahai gainean, Faltzeseko herritarrek Nafarroa Garaian egin zuten gisara, herriko etxeari herriaren izena euskaraz jarri zezan eskatzeko. Hori da baliatu nahi dugun eredua. Herritar eta norbanako talde zabalak batu nahi ditugu eskari konkretuen inguruan, herriz herri, auzoz auzo, eta eskari horiek herritarrongandik hurbilen ei dauden ordezkari politikoei helarazi nahi dizkiegu, herri gogoari erantzun eta dagozkien administrazioetan aldaketa zehatz horiek gauzatu ditzaten.
Ez da lan erraza izango, errealitate latz bezain konplexua bizi baitugu euskaldunok geure geografiaren baitan. Hala, oinarri-oinarrizko eskari batetik abiatuko gara: eskaera egin duen herritarraren eta eskaera jaso duen herri administrazioaren arteko harremana euskaraz izatea.
Alta, jakin badakigu herri batzuetan jada bermatzen dela harreman hori, baina udal eraikinetako langileak, bandoak, herriko etxeak sortzen dituen euskarri publizitarioak, kale izendegiak eta abarrak ez direla euskaldunak. Zentzu horretan, oinarrizko eskaera hori tokiko errealitatearen arabera moldatzea planteatzen dugu.
Printzipioz EHEko taldeak dauden herri batzuetan abiatuko dugu ekimena; norbanako zein kirol, kultur nahiz jendarte eragileak batuko ditugu gure planteamendua helarazi eta ekarpenak jaso ostean lanari auzolanean ekiteko; herri horretako administrazioari luzatu beharreko eskaera zehatza adostu, eskaerak bildu eta udalari helaraztea izango da hurrengo urratsa. Ondoren, eskaerek jasotzen duten erantzunaren edo erantzun ezaren arabera beste urrats bat planteatuko genuke.
Halaz ere, ez dugu nahi ekimen hau EHEko taldeak dauden herrietara mugatzea. Hartara, www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean norbere herrian ekimena martxan jartzeko euskarriak eskegiko ditugu ‘Udalak eta biok, euskaraz’ / `Herriko etxeak eta biok, euskaraz’ lelodun gune berezian. Urtarriletik aurrera, kartelak, esku-orri informatiboak, dokumentuak, eskari-ereduak eta abar izango dira nahi duenarentzat eskuragai aipatu gunean. Bestalde, (0034) 648-925-894 telefono zenbakia ere herritarren eskura jarriko dugu egitasmoaren berri eman eta bertan parte hartu nahi dutenekin harremanetan jartzeko.
Bukatzeko, ez ditugu ahaztu nahi euskaldunon hizkuntza eskubideak kontuan dituzten hizkuntza irizpideak onartzeagatik Espainiako Estatuko Abokatuak bere jomugan jarri dituen hamarnaka euskal udalerriak. Zarautzen udalbatzaren erabakia babesteko mosaiko erraldoia egin genuen azaro hastapenean. Aldarrikapenetik harago, euskararen alde egotetik harago, urratsak eman eta euskararen alde egiteko bide gisara planteatzen dugu gaurkoan aurkezten dizuegun egitasmoa.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Senperen, 2013ko abenduaren 23an
|
Euskaraz bizi sarean