“Inposaketa ororen aurka” daudenen inposaketak aurrera doaz. Zarautz eta beste 35 udalerriri euskara lehenesteagatik argudiotzat hartuta helegiteak jarri ondoren, Nafarroako Auzitegi Administrazioak Olaztiko udalak martxan jarritako hizkuntza ordenantza baliogabetu du, herri euskalduna itotzea xede eraiki den legedia betetzen ez dutela argudiatuta. Bestalde, udal hauei babesa eskaini eta dinamika berri bat abiatu du EHEk, herritarrak aktibatuz udal administrazioan eragiteko peskizan.
Olaztiko udalak euskara lehenesten duten hizkuntza ordenantzak onartu ondoren, PPren salaketaren errekurtsoa onartu eta aipatu ordenantza baliogabetu du Nafarroako Auzitegi Administratiboak (NAA). Legea ez ei dute betetzen, “euskara lehenesten” dutela medio. Argi dago: euskara lehenestea ilegala da legalitate makur honetan.
Auzitegiaren epaiaren ondorioz, hainbat neurri atzera bota beharko ditu udalak. Euskara hutsez erantzuna emateko aukera baliogabe utzi duenez, gaztelaniaz jasotako agiri bati udalak erantzuna ele bitan edo gaztelaniaz eman beharko dio. Irudi korporatiboari dagokionez, zigiluak, tanpoiak, logotipoak eta idazpuruak, eta orobat toponimia txiki ofiziala ordenantzan onartu bezala euskara hutsean izateko aukera ere indargabetu du epaiak. PPko zinegotziak “Nafarroaren euskalduntzea eragozteko ahal den guztia” egiten segituko duela iragarri du. Legeak arrazoia eman dio PPri, legeok gainditu eta herria berreuskalduntze bidean hizkuntza politikarako burujabetzaren premia begi bistan uzten duelarik.
Ez da euskara lehenesten duten udalek jasaten duten estreinako esku hartzea. Zarautz, Lezo, Anoeta… guztira 36 udalerrik jaso dute helegitea aipatu arrazoia medio. Marko honetan euskara beti bigarren mailako hizkuntza izango den seinale. Euskara lehentasunezkoa izango bada, egungo markoak gainditu beharko ditugu, desobedientziaren bidetik markoa urratu eta itotzen gaituzten kateak hautsiz.
EHEk Espainiako Estatuaren jomugan dauden udalerriak gogoan izateaz gain, udalei lotutako dinamika jarri du abian, “Udala eta biok, euskaraz” lelopean. Senperen aurkeztu zen egitasmoa. EHEko kideek aipatu zutenez, kanpainaren helburua “herritarrak aktibatzea” da, “euren borondate eta eskari zuzenetik” abiatuta, “Herriko Etxeetan eragiteko”. Udala edo herriko etxea herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa izanik eta hizkuntza politika egiteko konpetentziak dituenez, “euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria” bideratuko diote. Nortzuk egingo dute eskaera hau? Herritarrek, euskararen alde egotetik alde egitera igaroz haiek izango baitira dinamika honen giltzarri.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean