• 14
    OTS
    Estatuaren mehatxupean ere, Gipuzkoako erakundeek euskararen normalizazioaren alde jarraitzen dute lanean

    Hizkuntzaren normalizazioaren bidean egindako politikek ez dute lekurik egungo legalitatean. Horixe bera berretsi du Espainiako Estatuko Abokadutzak makina bat udalen kontrako sorgin heiza hasi ondotik. Gipuzkoako 10 udalerri auzibidean dira kontratazio publikoetako hizkuntza irizpideak tarteko. Oztopoak oztopo, Gipuzkoako erakundeek aurrera jarraitzen dutela azpimarratu zuten atzo. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria den Zigor Etxeburuak euskararen ofizialtasuna praktikan gauzatzeko zailtasunak arbuiatu zituen. Bide batez, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zitzaion, aferari konponbidea eman edota hori ezinezko badu, egungo markoak ezartzen dizkigun mugak aitortu eta berau gainditzeko lan egin dezan.

    Jada urtebete pasatu da Gipuzkoako zenbait erakundek kontratazio publikoetan aplikatu beharrezko hizkuntza irizpideak modu bateratuan adostu zituztenetik. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundi, UEMA, EHE eta euskalgintzako beste zenbait eragileren babesarekin, 37 udal hasi ziren hizkuntza politika hori lantzen. Orduaz geroztik, kopuruak gora egin du etenik gabe. Egun, Gipuzkoako 89 udaletatik gutxienez 60k aipatu hizkuntza irizpideak darabiltzate.

    Erakundeek adostutako araudia praktikara eramateko zailtasunak dituzte ordea, Estatuaren interesekin egin baitute talka. Carlos Urquijo Estatuaren Abogadutzak 24 udalerriri azalpenak eskatu eta beste hamar auzibidean jarri izana horren erakusle.

    Udal-ekin egitasmoaren mintegiaren karitara adierazi zutenez, trabak traba, Gipuzkoako erakundeek hizkuntzaren normalizazioa lortzeko lanean jarraitzen dute. Mintegiak berak hori bikain islatzen zuen. Udaletako euskara zinegotziek eta teknikariek lan harremanak euskalduntzeko egitasmoa eta gurasoen artean euskara gehiago erabiltzeko proiektua aztertu zituzten bertan, kontratazioetako hizkuntza irizpideen urtebeteko balantzea egiteaz gain.

    Hala ere, Estatuak jarritako trabak ez dira nolanahiko galga euskararen normalizazioa erdieste aldera. Kexu zen Zigor Etxeburua: “Autonomia erkidegoan euskarari, teorian, ofizialtasuna aitortzen zaio, baina praktikan erakunde publikook ofizialtasuna gauzatzen hasten garenean,  Estatu interesekin talka egiten dugu. Ez digute aurrera egiten utzi nahi".

    Euskalgintzatik egindako elkartasun keinuak ere gogoan izan zituen. Tartean EHEk Zarauzko hondartzan egindakoa, non kanpo esku hartze ororen aurka agertu eta herriko udalari babes osoa adierazi zion mosaiko erraldoi baten bidez. Gerora herritarrak aktibatuz udal administrazioan aldaketak eragiteko xedea duen “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren abiapuntutzat joko zuen ekimena eragile euskaltzaleak.

    Egoera gainditzeko xedearekin, Eusko Jaularitza interpelatu du, gai honetan esku hartu eta “araudia praktikara eramateko zailtasuna duten erakundeen ondoan” egon dadin. Hizkuntza politikaren eskuduntza Eusko Jaurlaritzari dagokiola gogoraraziz, mehatxuaren aurrean konponbideak eskatu zizkion. Hori ezinezkoa izateko kasuan, “aitortu dezala autonomiaren errealitate politiko honen bidez jai dugula euskara normalizatzeko. Planteatu ditzala marko hau gainditzeko estrategiak. Ondoan izango gaitu”. Kanpo esku hartzerik gabe eta bertatik bertara sortu eta erabakitako hizkuntza politika burujabeak lortzeko menpeko markoak gainditze bidean, EHEren babesa ere izango du.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.