• 19
    OTS
    Txantrearrak ez dira espaloitik jaitsiko

    Pare bat asteko epean, bi ekimen antolatu dituzte Txantreako EHEko kideek. Alde batetik, batzarra egin zuten aurreko ostiralean, “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika aurkezte aldera. Hamar lagun bildu ziren eta euskarak bertan duen egoeraz gogoeta egiteko beta izan zuten, dinamikaren nondik norakoak zehazteaz batera. Martxoaren 15ean egingo dute eskaeren tramitazioa eta hilabeteren buruan emango dute hurrengo urratsa, betiere udal administrazioak emandako erantzunaren arabera. Bestalde, ostiral honetarako hitzaldia eta bertso afaria antolatu dituzte, lelo argi batekin: “Ez gara espaloitik jaitsiko!”.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak nazio mailan aurkeztutako "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika ari da pixkanaka herrietan gorpuzten. Otsailaren 14an aipatu dinamika aurkezteko batzarra Txantrean egin zen. Orain arte norbanako zein eragile ezberdinekin errondak egin dituzte, azalpenak eman eta  zabalpenerako konpromisoa eskatzeko. Batzarraren ostean harreman dinamikarekin jarraituko den arren, hainbat kontu adostu ziren bertan.


    10 lagun bildu ziren (euskalgintzako kide bat, gazte mugimenduko lan talde ezberdinetako kideak eta auzo mailan komunikazio lanetan dabilen kide bat), eta dinamikaren azalpena ematearekin batera, orain arte emandako urratsen berri eman zen; dinamika eta egoera Euskal Herri mailan, auzoko eragileekin harremanak, komunikazio lanak...


    Dinamikarekiko bertaratutakoen prestutasunarekin batera, iritziak eta ekarpenak jaso ziren: sinatzaileak bilatzeko bestelako eremuak, kuadrilla ezberdinen kezkak euskarari lotuak eta aurrera begirako proposamenak.


    Martxoaren 15ean tramitazioa egin ostean hilabete bateko epea aurreikusi zuten erantzuna jaso eta hurrengo urratsa ematen hasteko. Idatzizko eta ahozko harremanari dagokionez auzoko liburutegian eta Auzo Unitatean (udalaren zerbitzuak eskaintzen dituen gunea) balizko ekimenak zerrendatu zituzten. Errotulazioari lotuta gaztelera hutsean dauden auzoko seinaleen zerrenda egingo dute eta ekimen ezberdinak planteatu. Eskaera orriaren azken puntuarekin, euskarazko haur eskolena alegia, Iruñeko euskalgintzaren dinamika babestu beharra azalaratu zen.


    Funtsezko ekimen moduan auzo batzarrak planteatu ziren. Martxoak 15etik aurrera sinatzaileekin eta sinatzaile berriekin eskaeren jarraipena egiteko biltzeko asmoa erakutsi zuten. Hala ere, konpromisoen beharra azpimarratu zen, dinamikari jarraipena eman eta euskaraz bizitzeko hautua eta jarrera indartze aldera. Bide horretan, TELP ikastaroa eta desobedientzia ekintzetaz mintzatu  ziren.


    Hurrengo zita otsailaren 21ean dute Txantreako euskaltzaleek “Ez gara espaloitik jaitsiko!” lelopean. EHEk antolatuta, “Desobediantziatik intsumisiorantz… bide bat” hitzaldia botako du arratsaldeko 19:00etan Eneko Garaialdek. Ondoren, 21:30etan, bertso afaria egingo dute, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez bertsolariekin. Hitzaldi zein bertso afaria Txantreako Kaskallueta elkartean ospatuko dira. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.