Urruñan, Durangon, Txantrean, Bilbon… hainbat herritan jarri dute martxan Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak nazio mailan abian jarritako dinamika. Sakanako EHEk ere pauso hori eman du, udalak herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia errespeta dezan. Horretarako, herritarrak aktibatzen saiatuko dira, haiek izango baitira eskerak egingo dituztenak eta bide batez dinamikaren motor. Hainbat herritan aurki hasiko dira eskerak egiten, euskararen herrian bizi garenez, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula argi utziz. Zentzu horretan, udalarekin ere euskaraz bizi nahi dutela adierazi zuten eta hori egi izan dadin dinamikan parte har dezaten dei egin zieten sakandarrei.
Sakanako EHEk "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikari ekin diola iragarri zuen agerraldi baten bidez. Udala herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa izateaz gain hizkuntza politika egiteko eskuduntzak badituenez, eskari argia egingo diote udal administrazioari: “udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diogu”.
EHEk abenduan planteatutakoaren ildotik, herritarrak aktibatzen ahaleginduko dira sakandarrak, nahia edota eskaria egikaritzeko berme bakarra direla ulertuta: “euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook herriko etxe zein udalekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen”.
Lehen urrats moduan, udalak euskarazko harremanetan dituen hutsuneak detektatu eta haiek zuzentzeko eskatuko dute idatzi sinatuen bidez. Horretarako, idatzi ereduak ere prestatu ditu EHEk, eskaera horien atzean ahalik eta jende gehien hurbiltzeko xedearekin.
Sakanako EHEk aurreratu duenez, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasuko herritarrak berehala hasiko dira eskaeriek egiten, nahiz Sakanako 15 udaletara heltzen saiatuko diren. Eskaeren printzipioak argiak dira: “euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta euskaraz bizi nahi dugu. Udal administrazioarekiko harremana euskaraz nahi dugu”.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean