• 28
    OTS

    “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika aurkeztetik berau martxan jartzera igaro dira altsasuarrak. Hori helarazi zuten atzo bertako EHEk deituta udaletxearen aurrean bildutakoek. Bi eskari egingo dizkiote udalari: edozein delarik ere esparrua udalarengandik jasotako ohar, bando, publizitate eta abar euskaraz izatea eta 012 telefonoko informazioa ere euskaraz izatea. Jada eskuragarri diren eskaera orriak bete eta Altsasuko EHEk jasoko ditu martxoan zehar. Martxoaren 21ean eskaera guztiak era bateratuan aurkeztu eta berauen jarraipena egingo dute ondoren.

    Martxoaren 21ean harremana euskaraz izan dadin eskatuko diote altsasuarrek udalari

    Altsasuko EHEren deialdiari erantzunez, zenbait altsasuar bildu ziren atzo udaletxearen aurrean. Era horretan, aurrekoan agerraldi baten bidez horren berri eman ondoren, Altsasun ere ekin diote Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak nazio mailan abian jarritako “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikari.

    Eskaerak pertsonalak izango diren arren, denen artean gutxienez bi eskaera nagusi egitea adostu zuten. Alde batetik, etxean eta kalean zein udalean altsasuarrek jasoko dituzten paper, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta bestelako guztiak euskaraz izatea; bestetik,  012 telefonoko informazioa euskaraz izatea. Horrez gain, altsasuar orok berak egoki deritzon eskaerak egiteko aukera izango du.

    Dinamikan parte hartu nahi duten herritarrek jada eskuragarri dituzte eskaera orriak kultur etxean, Intxostiapunta gazte gunean eta gaztetxean. Eskaera horiek Altsasuko EHEk jasoko ditu hilaren 21era bitartean. Martxoaren 21ean Gure Etxea eraikinean jarriko dira EHEko kideak eta behin eskaera orriak osatuta denak batera aurkeztuko dizkio udal administrazioari.

    Hor ez da inondik inora dinamika amaitzen. Eskaerak jasotako erantzunaren arabera dinamikari segida eman beharko diote, pausoz pauso Altsasuko udal eta altsasuarren arteko harremana erabat euskalduna izan dadin.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.