• 31
    MAR

    Aipatu herriek "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikaren bueltako ekimenak egin dituzte astebukaeran. Bide batez, zenbaitzuek larunbatean Gasteizen egingo den Euskaraz Bizi Egunerako deia luzatu dute.

    Tafallan, Zarautzen, Etxarrin eta Abadiñon ere "Udalak eta biok, euskaraz"

    Tafallan udalarekiko harremana euskaraz izan dadin (lehentasunez idatzizkoa, harrera eta errotulazioa) ia hilabeteko sozializazio kanpaina egin ostean, ostiralean aurkeztu zituzten zenbait herritarren eskaerak. Euskalgintzaren presentziarik falta izan ez zuen ordezkaritza arduratu zen berauek aurkezteaz.

    Aurretik batzarrak egin zituzten eskaerak adostu eta lanketaren berri emateko. Horren ondoren herriko zenbait gunetan eskaera orriak jasotzeko aukera eman zuten. Ez da epea amaitu baina. Alta, EHEk eskaerak egiten jarraitzeko deia egin du eta  helburu horrekin harreman dinamikarekin jarraituko du.

    Artatu zituen udal langile bakar batek ere euskaraz ez jakiteak egun batzuk atzeratuko ditu tramiteak, euskara teknikariak itzulpena egin eta gazteleraz aurkeztu arte. Honek antolatzaileak helburuan berretsi ditu. Tafallako EHEk argi du: "udalarekiko harremanak euskaraz nahi ditugu, bigarren mailako herritar izateari utzi nahi diogulako; Euskararen herrian bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu".

    Zarautzen herritarren eskaerak biltzeko mahaia jarri zuten larunbata zein igandean. Eskaerak metatzen jarraitzeko asmoa dute, denak batera udalari aurkeztu aurretik. Era berean, Gasteizen egingo den Euskaraz Bizi Egunerako deialdia ere egin zuten.

    Etxarrin eskaerak egin zituzten. Eskaera gehiago biltzen jarraitzeko kutxa bat jarriko dute aurrerantzean. Abadiñon, berriz, ondoren aurkeztuko dituzten eskaerak biltzera mugatu ziren. 200 eskaeratik gora bildu zituzten.

    Herriz herri bigarren mailako herritar izateaz aspertuta dagoela erakusten ari da herri euskalduna. Ez du espaloitik jaisteko asmorik. Komunitate gisa hori erakusteko hurrengo abagunea larunbat honetan bertan du Gasteizen. Euskaraz Bizi Egunaren harira Nazio Manifestazioa egingo da "Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi" lelopean. Larunbatean ikusiko dugu elkar!


     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.