• 12
    EKA

    Udalerri euskaldunak “euskararen, euskaldunon, herri euskaldunaren arnasgune” direla azpimarratu du. 

    Heldu den ekainaren 14an zita garrantzitsua dugu euskaldun eta euskaltzaleok Tolosan. Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da bertan. Aurrenekoa izango da, UEMA Egunaren lekukoa hartu berri baitu larunbateko deialdiak.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak sostengua agertu dio aipatu egunari, herritarrei bertan parte hartzeko deia egitearekin batera. Izan ere, lehen egunetik UEMArekin bat, EHEk ere lau haizetara zabaldu nahi du “udalerri euskaldunek euskararen orainean eta geroan jokatzen duten ezinbesteko papera”. Udalerri euskaldunak “euskararen, euskaldunon, herri euskaldunaren arnasgune” direla azpimarratu du.

    Euskaraz biziko den herriarentzat “nahitaezko” dira eragile euskaltzalearen irudiko. Zergatik? Hasteko, “dagoeneko bertakoak (ahal den neurrian) arnasguneotan euskaraz bizi direlako”. Horrez gain, euskara “egunerokoari ekiteko, lanerako, harremanetarako, ikasteko, komunikatzeko, bizikidetzarako zein kohesio sozialerako oinarrizko elementua” izateaz haraindi, “egunez egun normaltasunez euskaraz bizi diren herri eta herritarrak daudela irudikatu eta erakusten duelako gaur eta hemen”. Horregatik guztiagatik, baina ez horregatik bakarrik.

    Bada ordea kezkatzeko motiborik: “30 urteren buruan arnasguneen kopurua ehuneko 25ean jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan”. EHEren aburuz, “gure esku dago eguneroko erabaki txikien bitartez, larunbatekoaren gisako ekimenetan parte hartuz eta udalerri euskaldunen garrantzia gure ingurukoekin partekatuz hauek sustatu eta sendotzea”. Horretarako, “norbere hizkuntza jokabideetan aldaketatxoak eman eta euskaraz bizitzeko hautua egitea dagokigu euskaldunoi, euskal hiztun bakoitza ere euskararen arnasgune baikara hein batean”. Udalerri Euskaldunen Eguneko leloak jasotzen duen bezala, “euskaraz gara”.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.