Eskaerei entzungor egiten diela salatu dute bertako EHE-ko kideek. Eskaerak egiten jarraituko dute, Agoitzen lortu duten bezala, Tafallan ere "Udalak eta biok, euskaraz" egia bihurtu dadin.
Tafallako EHEren irakurketa:
Duela hile batzuk “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika abiarazi genuen Tafallan. Udalarekiko harremanak euskaraz izan daitezen norbanakoen borondatetik abiatuta udalean eskaera zuzenak aurkezteko ariketari hasiera eman genion. Herritarron euskaraz bizitzeko hautu pertsonala indartzearekin batera, udalarekiko ahozko zein idatzizko harremana eta bere eskumena den errotulazioa euskaraz izan dadin aldaketak eragin nahi genituen.
Iragan martxoaren 28an makina bat lagunen eskaerak aurkeztu genituen Udalean, sozializazio kanpaina baten ostean, dinamikaren berri emateko.
Ordutik ia hiru hilabete igaro diren honetan ez dugu Udalaren partetik inolako erantzunik jaso, eta zentzu horretan egoerak berdin jarraitzen du: Udal bulegoetan hizkuntza eskubideen urraketak etengabeak dira. Iaz alderdi guztiek izenpetutako dekalogoan jasotzen den arren, kaleko errotulazioan euskarak ez du behar bezalako trataerarik oraindik, ezta inprimaki ofizialetan ere. Egoera honen aurrean kezkaz bizi dugu aurkeztu genituen eskaeren aurrean udalaren erantzun eza. Udaleko Euskara Batzordearengana jo genuen eta bertatik argibide zehatzik ez genuen jaso; “tramitazioan izanen direla” edota“Eskaerek erantzuna jaso beharko luketela”, besteak beste. Horrela beharko luke, bai.
“Udalak eta biok, euskaraz” dinamikak aurrera jarraitzen du ordea eta, pixkanaka, gero eta herritar gehiago dira euskaraz bizitzeko nahiaren aurrean udalarekiko harremanak euskaraz izatea eskatzen dutenak. Iragan ekainaren 20an, 40 eskaera gehiago aurkeztu genituen udaletxean eta herritar gehiago dinamikara batu daitezen lanean dihardugu. Bertan jakinarazi ziguten moduan eskaerak alkatearen esku daude eta eskaerei erantzuna ematea eskatzen duen instantzia aurkeztu ezean ez genuela erantzunik izanen. Aholkuei jaramon eginez, instantzia aurkeztu dugu.
Aitzakiarik gabe, egindako eskaerei udalak epe laburrean erantzuna eman diezaion exijitu nahi dugu, bertan jasotzen diren eskakizunak aintzat hartu eta aldeko erantzuna emanaz. Euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu dezatela!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean