• 11
    UZT
    Kanpo esku hartzeen aurrean elkarretaratzea deitu dute

    Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak deituta, uztailaren 14an, 18:00etan izango da Uztaritzeko herriko etxearen aitzinean. Estatuen jarreraren aurrean “haserrea” adierazi eta bertako herriko etxe zein herritarrei babesa eskaintzea izango da helburua.

    Joan den astean Uztaritzeko herri kontseiluak euskara ofizial izendatu zuen, euskaldunon hizkuntza eskubideak babesteko asmoz. Orduan aurreikusten zuten bezala, Estatu frantsesaren ordezkari den Patrick Dallennes suprefetak Uztaritzeko herri kontseiluak hartutako deliberoari helegitea jarri dio. Horren aurrean, astelehenerako elkarretaratzea deitu dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Uztaritzeko herriko etxearen aurrean.

    Argitara atera duten prentsa oharrean Uztaritzeko herri kontseilua zoriondu eta babestu dute hartutako erabaki historikoa dela medio. Bide batez, euskararen normalizazioaren bidean “tinko” jarraitzera animatu dituzte.

    Zoritxarrez, baina, bada bidea oztopatu nahi duenik. Zentzu horretan, Estatuen jarrera deitoratu dute. Izan ere, “estatuen aldetik jasaten ari garen kanpo esku-hartzeen beste adibide bat da Uztaritzen gertatu dena”. Espainiako Gobernuaren Gizpuzkoa, Bizkaia eta Arabako ordezkari Carlos Urkijok, kasu, 63 erakunderen aurka egin du kontratazio publikoetako hizkuntz irizpideak tarteko. Hor dugu hainbat ikastola proiektu hondoratzeko xedea duen 1.850eko Falloux legea ere. Gure hizkuntza-politikak egiteko dugun eskubidea aldarrikatu dute.

    Kontseiluko batzarrak 2012an onartutako Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena dokumentua ekarri dute gogora. Bertan, bertatik bertara, inolako kanpo esku hartzerik gabe gure hizkuntz politika propioak erabakitzeko eskubidea jasotzen da. Herritarron esku dago orain eskubidea egia bihurtzea.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.