• 15
    UZT

    Kontseilu eta Euskal Konfederazioaren deiari erantzunez, Estatuen jarreraren aurrean haserrea adierazi eta bertako herriko etxe zein herritarrei babesa eskaini zioten atzo.

    Hainbat lagunek Uztaritzeko Herriko Etxea babestu dute kanpo esku hartzeen aurrean

    Hainbat lagunek Uztaritzeko herriko kontseiluak euskara ofizial izendatu izana babestu zuten atzo egindako elkarretaratzean. Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak egindako deiari erantzunez Herri Kontseilua babestearekin batera Estatuen jarrera salatu zuten.

    Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi zuenez, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako Estatuen esku-hartzeak ez dira berriak. Alta, “mendez mende pairatu behar izan ditugu horrelakoak euskaldunok, euskal hiztunok”. Azkenaldian, baina, aspaldiko erarik agerikoenean ari dira bi Estatuak, “inolako mozorrorik gabe”. Espainiako Gobernuaren Gizpuzkoa, Bizkaia eta Arabako ordezkari Carlos Urquijok, kasu, 63 erakunderen aurka egin du kontratazio publikoetako hizkuntz irizpideak tarteko. Hor dugu hainbat ikastola proiektu hondoratzeko xedea duen 1.850eko Falloux legea ere. Frantziako Gobernuko ordezkari Patrick Dallennes eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijoren jarrera deitoratu du, “euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko herriko etxeak hartzen ari diren urratsak” zapuztu nahian ahaleginak eta bi egiten ari baitira.

    Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza ofiziala izendatua izan dadin hizkuntza horretako lurraldean. Halaxe egin du Uztaritzek berriki. Horixe baita normalena, euskaraz bizitzea ahalbidetuko digun koadro legalean lehen urratsak ematea: ofizialtasuna aitortzea, hain zuzen ere.

    Zentzu honetan, “Uztaritzeko herri kontseiluak hartutako neurri hau, lehenago ere hartu direnak zein etorriko direnak” txalotu eta babestu zituzten. Uztaritzeko herriko etxean euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak herritarron eskubideak bermatzeko urratsak direla argitu eta herritarroi neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea dagokigula gogorarazi zuen. Areago, “herritarron erantzun tinko eta zabalak soilik geldiarazi dezake Estatuen esku-hartzea". Komunitate gisa espaloian tinko eusteko garaia da.

    Estatuen esku-hartzea gelditu zen leloa, aldarri argi bezain oinarrizkoa: “Geure etxean zer eta nola egin behar dugun ez digute kanpotik esan behar. Guri, eta ez beste inori dagokigu erabaki hori”. Herritarrei euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzen jarrai dezaten eta beste herriko etxeei Uztaritzeko Herriko Etxeak emandako urratsa egin dezatela galdegin zieten. Atzoko elkarretaratzean erakutsi zen gisan, euskaldunon, euskaltzaleon eta euskalgintzaren babesa izango dute.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.