• 18
    UZT
    Durangoko EHE-k hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu dio udalari
    Bi elkarretaratze egin zituzten erantzun eske

    Aitzakiak alde batera utzi eta "Udalak eta biok, euskaraz" egia bihurtzeko beharrezkoak diren politikak egin ditzan galdegin diote. 

    Honatx Durangoko EHE-k zabaldutako oharra:

    Lau urte pasa dira Durangoko udalak euskararen udal araudia onartu zuenetik. Guretzako egokiena ez den arren, denbora honetan, bertan azaltzen dena ere ez da bete. Herritarron hizkuntza eskubideak onartzen dituen arren idatziz, gero praktikan errealitatea bestelakoa da. Hori zela medio, “Udalak eta biok euskaraz” dinamika jarri genuen martxan eta hainbat herritarrek beraien eskaera udalera bideratu zuten, honekin harreman oro euskaraz izateko asmoz.

    Lau hilabete luze igarota, jaso genuen erantzuna. Udalak herritarren eskaerei erantzuteko pare bat mobilizazio egin eta alkateari gutun bat helarazi beharra ere, marka de gero!

    Alde batetik, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aitortu eta horretarako bitartekoak jartzeko borondatea agertzen dute. Baina beste alde batetik aitzakia ugari jartzen dituzte gaurdanik berauek bermatzeko bitartekoak jartzeko. Gure ustez, borondatea izanez gero aisa bete ditzake herritarron eskakizunak.

    Musika eskolan, zahar etxean, Durangoko kiroldegian, eta pinondo etxean euskaraz egin ahal izateko neurriak hartzea eskatu genuen. Erantzuna, isiltasuna. Eskaera tramitatu zuten hainbat herritar harrituta eta haserre agertu dira.

    Guk, Durango euskalduna eraikitzeko lanean jarraituko dugu eta prest gaude bide horretan mundu guztiarekin elkarlanean aritzeko. Euskaraz bizitzeko hautua indartuz eta herritarren aktibazioan urratsak emanez, lortuko dugu!

    Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi!

    Durangoko EHE (Maialen Bildosola, Ane Zarate, Aritz Bravo, Endika Blanco, Koldo Zarate)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.