Udalak isiltasunaren aurrean, atxikimendu gehiago biltzea erabaki dute. Horretarako, larunbatean mahaia jarriko dute herriko plazan.
Ekainaren 20an hainbat garestarrek udalarekin duen harremana euskaraz izateko eskaera aurkeztu zuten udalean. Eskaerak aurkeztu zituztenetik hiru hilabete pasatu badira ere, udalak ez die erantzunik eman. Hori dela medio, eskaera gehiago bilduko dituzte, eskaera indartsuagoa izan dadin.
Haiek argi dute: “Euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta euskaraz bizi nahi dugu”. Udala da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa eta baditu hizkuntza politikak egiteko eskuduntzak. Hortaz, udalari euskaraz bizitzeko duten nahia errespetatu eta udalarekiko harremanak euskaraz izateko duten eskubidea bermatzeko eskaria bideratzen zioten.
Udalak, baina, ez ditu aintzat hartu herritarren eskaerak. Horren aurrean sinadura gehiago biltzeko apustua egin dute dinamikaren bultzatzaileek. Horretarako, heldu den irailaren 27an mahaia jarriko dute herriko plazan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Era horretan “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikara batzeko aukera izango dute herritarrek.
Batzeko deia egin dute: “euskaraz bizitzeko bidean urrats txiki eta eraginkorrak eman nahi baditugu, ezinbestekoa izango da herritarron atxikimendua eta aktibazioa”. Izan ere, “gu ez bagara mugitzen, akabo”. Zatoz, bada, euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean