• 18
    ABE
    Euskararen ofizialtasunaren alde herri harresia eratzeko deia egin du GFA-k
    (gipuzkoaeuskara.eus bidez)

    Zigor Etxeburua Euskarako foru zuzendariak uste du Jaurlaritzak aurrera pauso txiki bat eman zuela herenegungo bileran, baina pauso handi eta sendoagoak eskatu dizkio.

    Espainiako Estatuaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari Carlos Urquijoren ekimenez, Gipuzkoako sei udal epaituko dituzte udal erabakiei buruzko aktak euskaraz bidaltzeagatik. Erasoaren aurrean, babes instituzionala eskatu dute udal horietako ordezkariek. Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola Bergara eta Itsasondoko udalak dira, gehienak txikiak, eta prozesuari aurre egiteko baliabide urriak dituzte.

    Zigor Etxeburua Euskarako zuzendariak Hakobak egindako bilera baloratu du. Alde batetik poza agertu du, “herri erakundeok uztailean egin genion eskariari erantzun diolako Jaurlaritzak, eta euskaraz jarduteagatik epaituak izango diren udalei lagunduko dielako esperantzaz”.

    Bestetik, baina, penatuta ere azaldu da Etxeburua. “Tamalez, Jaurlaritzak ez du txostena egiteaz harago joateko borondaterik azaldu. Atzoko bileran proposatu zitzaion babes instituzionala eta politikoa adieraztea euskaraz ari diren herri erakundeei, eta babes horren gauzatze moduan, Euskararen Aholku Batzordeak adieraztea babesa eta euskararen ofizialtasun betea aldarrikatzea, epaiketetan pertsonatzea Jaurlaritza edota Jaurlaritzak berak ematea laguntza juridikoa. Ez du proposatutako neurri bat bera ere onartu”, adierazi du.

    Jaurlaritzaren arabera, Udal Legea da euskararen ofizialtasunaren aurkako erasoak gelditzeko irtenbide nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmendu du Espainiako estatuak euskararen aurka abiatu dituen erasoek (kontratazioetako eta diru laguntzetako hizkuntza irizpideak, barne erabilera planak edota euskarazko jarduera) euskararen muina ukitu dutela, “zalantzan jartzeraino euskararen ofizialtasuna bera ere”, Etxeburuaren esanetan.

    “Gogoratu behar da estatu espainolak euskaraz lan egiten ari diren herri erakundeen aukako erasoa abiatu zuenetik, Jaurlaritzak ez duela izan aurrea hartzeko jarrerarik, eta Jaurlaritzak urratsak egin baditu (bilerak deitzea edota legezkotasun-txostena egitea) UEMAk eta Aldundi honek eskatuta izan dela”, ekarri du Etxeburuak gogora.

    Aldundiak "euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "euskararen ofizialtasunaren defentsa irmoa" adierazi du. Era berean, euskararen garapenaren alde ari diren udalei laguntza, babesa eta laguntasuna eskaintzen jarraitzeko asmoa berretsi du.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.