• 19
    ABE
    Kalejira aldarrikatzailea egingo dute bihar Errotxapean

    "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikaren baitan, herritar orori luzatu diete bertan parte hartzeko deia.

    Iruñeko Udalak ezezko biribila eman die herritarren "Udalak eta biok, euskaraz" eskaerei. Ez ditu inprimakirik euskaraz bidaliko, ez du errotulazioa euskaraz jarriko, ez du udal bulegoetan harrera euskaraz egingo eta ez du auzo bakoitzean euskarazko haur eskola bat jarriko.

    EHEk gogor salatu du udalaren jarrera. Lehenik eta behin, udalaren utzikeria salatu dute. Horren isla, ezetza baieztatzen duen ohartarazpena "bederatzi hilabeteren ostean" jaso dute. Horrez gain, herritarren eskaerak betetzeko borondate eza ere gaitzetsi dute: "euskaldunon eskubideak urratzeaz gain udaleko ordenantza bera ere urratzen duela" iritzi dute.

    Paradoxa bada ere, udalak euskara hutsean erantzun die "Udalak eta biok, euskaraz" eskaeraren sinatzaileei. "Ahal dugu baina ez dugu nahi" adierazi nahi ote zuten itaundu die eragile euskaltzaleak. Gainera, udalak errotulazioak euskaratzeari ekin dion honetan horixe bera galdegiten zuen eskaerari ezezkoa erantzutea "kontraesankorra" dela uste dute.

    Udalak erantzuna "berrazter" dezan exijitu dio EHEk. Erantzuna ezezkoa baldin bada, "arrazoiak zeintzuk diren eta eskaerak bermatzeari begira zer urrats emango den jasoko dituen gutun ofiziala" nahi dute.

    Sinatzaileekin elkarlanean, salaketa ildoa

    Sinatzaileekin egindako bilkuran adostu bezala, salaketa ildoa zabaltzen jarraituko dute erantzun berria jaso eta eskaerak aintzat hartu arte.

    Bide horretan estraineko ekimena burutu zuten abenduaren 13an. Errotulazioa euskaraz nahi zutela irudikatzeko “Txantrea” plazako plaka kendu eta euskaratu egin zuten, iazko abenduan lehenengo plakarekin egin zuten gisara. 

    Izan ere, Iruñeko Udalak hainbat kaleren izendegia euskaratzeari ekin zion iaz, Iruñeko Euskalgintzaren ekimenari esker. Txantreako zenbait kale sartu ziren aldatu beharrekoen zerrendan, eta egin beharra "bete" du Udalak. Baina zerrendako izen gehienekin egin zuten eran, "kalea" hitza gehituta soilik euskaratu ditu. "Calle Ceunca de Pamplona-Iruña" kaleko plaka, esaterako, "Calle Cuenca de Pamplona-Iruña kalea" izango da aurrerantzean. Iruñeko udalak dirua "xahutu" duela deitoratu dute.

    Abenduaren 13ko ekimenaz gain, gehiago egiten jarraitzeko asmoa dute. Azaldu dutenez, heldu den abenduaren 20an, goizeko 11:30ean, kalejira aldarrikatzailea burutuko dute Errotxapea auzoan.

    "Sinatzaile direnei eta ez direnei" ekimenetan parte har dezaten deia egin diete, "euskararen alde egotetik alde egitera igarota gure eskaerak kontutan har daitezen".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.