• 27
    URT
    Uztaritzeko erabakia atzera bota du Paueko auzitegiak
    Uztaritzeko Herriko Etxea. Bob Edme.

    Oraingoan Uztaritze izan da kanpo esku hartzea jasan duen udal administrazioa. Horren aurrean, ezinbestekoa da hizkuntza politika burujabea.

    Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial egiteko erabakia gibelera bota du Paueko administrazio auzitegiak; gaur goizean jakin du Uztaritzeko Herriko Etxeak. Hamabost bat egun itxoin beharko dute erabakiaren arrazoien jasotzeko.

    Maite Haran Uztaritzeko axuant eta hizkuntz arduradunak adierazi duenez, ez dute "sorpresarik" izan. "Behin eta berriz aritu da erraten frantsesa baztertuko dugula, baina ez da egia. Ez dugu sekula erran frantsesa desagerraraziko dugunik; bakarrik euskara frantsesaren hein berean ezarriko dugula". Praktikan jada egiten dutela oroitu zuen, gainera: "Galdetu digute euskara ofizial eginez gero dokumentu guziak euskarara itzuli beharko ote genituen, baina hori egiten dugu jadanik". Bertze herri batzuetan eta herri elkargoan ere hala lan egiten dutela adierazi zuen axuantak, eta bide beretik mintzatu zen Reau abokatua ere: "Nahi dugun bakarra da praktikan eta egunero egiten duguna ofizialki egin ahal izatea".

    Azkenaldian Frantzian eta nazioartean hamaika aldiz aipatu den adierazpen askatasunari ere egin zion keinua abokatuak epaiketan: "Konstituzioak bat egin beharko luke adierazpen eta komunikazio askatasunarekin, eta dagoen errealitatea kontuan hartu". Hain zuzen, Uztaritzeko herritarren nahia da, haren ustez, euskara hizkuntza ofiziala izatea. "Euskaraz ikasi eta irakasteko aukera dugu, irrati eta telebistak ere baditugu euskaraz, administrazioko dokumentu ugari bi eletan dira… Herritarrei aukera eman nahi diegu haien ama hizkuntza ofizialki erabiltzeko".

    Auzitegiaren deliberoa edozein izanik ere hartutako erabakia ez dela alferrikakoa berretsi zuen Haranek: "Ez da porrota, zeren eta pentsatzen baikenuen erantzuna ezezkoa izan zitekeela". Bertze udalerri batzuk urrats bera egitera deitu zuten: "Beharbada aitzindariak garelako erran digute ezetz, baina lortuko dugu".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.