Bilera egin dute bi erakundeek, aktak euskaraz egiteagatik udalen aurka abiatutako auziak aztertzeko.
lkarlanerako bidea jorratzen hasi dira euskarazko akten auzian. Bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, zer egin aztertzeko. Auzietan aurkezteko eskatua zion Uemak gobernuari, eta hasi da horretan: Beizamako Udalaren aurkako kasuan demandatu gisa aurkeztu da Jaurlaritza. Ildo hori gainerakoetara zabaltzeko eskatu dio orain Uemak: auzi guztiak "modu orokorrean" hartuta, estrategia bat koordinatzeko eskaintza egin dio. Batzarraren balorazio ona egin du udalen elkarteak; Jaurlaritzak, aldiz, ez du bileraren berririk eman.
Azken egunetan abiadura hartu du akten auziari buruzko aferak. Joan den larunbatean, milaka lagun elkartu ziren Donostian, Kontseiluak deituta, Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean; aktak euskaraz egiteagatik jomugan jarritako udalen egoera salatu zuten, besteak beste. Astelehenean, agerraldia egin zuten parlamentuan Cristina Uriarte Hizkuntza Politikarako sailburuak eta Patxi Baztarrika sailburuordeak. Iragarri zuten aurkeztu egingo direla Beizamako Udalaren auzian, eta berretsi zuten erabat legezko dela aktak euskaraz egitea. Txosten juridiko bat egin du gobernuak hori argudiatzeko.
Abiadaren erakusgarri da atzoko bilera ere: urtarrilean eskatu zion bilera Uemak Jaurlaritzari, baina atzo arte ez zuten egin. Baztarrikak jardun zuen gobernuaren ordezkari bileran; Uematik, Maren Belastegi lehendakariak, Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak eta Eneko Etxeberria Azpeitikoak.
Implikazio eske
Udal legean jarria du itxaropena Jaurlaritzak, aktak euskaraz egin ahal izatea bermatuko delako hor. Legearekin "baliabideak eta babes juridikoa" emateko eskatu dio Uemak Jaurlaritzari, aktengatik ez ezik beste alor batzuengatik ere ekin diotelako udalen kontra.
Hizkuntz politikaren eskumena Jaurlaritzak duela nabarmendu du Uemak. "Badagokio udalak jasaten ari diren jazarpenaren aurrean inplikatzea". Ohartarazi du udalen euskarazko jarduna "baldintzatzen" ari dela Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Elkarlana nahitaezko dela adierazi du Uemak, larunbatean Kontseiluak manifestazioan azaldu zuen eran: "Denok batera joko bagenu, nahiko indar izango genuke oztopo horiei eta etor daitezkeenei aurre egiteko".
Orain aste batzuk, arnasguneen egoerari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen Uemak —ahultzen ari direla agerian jarri zuen—, eta horren berri eman zioten Baztarrikari. "Datu kezkagarriak" direla ohartarazi zioten. Arnasguneei buruzko lan mahai bat osatzea proposatu diote Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean