Hauteskundeen atarian alderdi bakoitzak ze hizkuntza politika proposatzen dituen aztertu du.
Hona hemen Bilboko EHE-k bere blogean plazaratutako azterketa:
Udal hauteskundeetarako kanpainan bete-betean gaude eta Bilboko EHEn aurkeztu diren alderdi nagusien programak aztertu ditugu.
Hauteskunde kanpainan alderdi guztiak saiatzen dira besteengandik bereizten eta proposamenak egiten, geroago agian beteko dituztenak edo agian ez. Proposamen hauek aztertu ditugu eta hauxe da azterketa horren laburpena:
EAJ:
“Lehentasunezko 10 jarduketa ildo” izendatzen dituenen artean euskara sartu du egun Udal gobernuan dagoen alderdiak.
Hasteko, EAJk “erakunde, agente, eragile eta kolektibo euskaltzale nagusiekin lankidetzan” jardungo duela eta Udalaren Euskararen Kontseilua sortuko duela esaten du. Baina… urteetan martxan jarri ez dituzten mekanismoak orain jarriko dituztela sinestu behar dugu?
Sinesgarritasun faltaz gain, hainbat hutsune ikusi ditugu. Batetik, erabilera sustatzea etengabe aipatzen dute, baita erabilera sustatzeko helburu dituen taldeak ere (gaztetxoak eta umeak), baina gehiegi zehaztu barik zelan duten sustatzeko asmoa. Programak aipatzen dituzte eta suposatzen dugu orain arteko programekin (harrapazank eta abar) jarraitzea planteatzen ari direla; ondo dago hori, baina zerbait berria ere espero genuen. Beste alde batetik, ezagutzan aurrera egiteaz ez dute askorik aipatzen, dena eginda egongo balitz bezala. Honen inguruan, gurasoak euskalduntzeko laguntza “zehatzea” (?) besterik ez dute aipatzen. Askorik ez du, beraz, EAJk arriskatzen programa honekin: euskararen aldeko neurriak bai, baina gehiegi busti barik.
Administrazioa euskalduntzeari buruzko atalak, berriz, zer pentsatua ematen du. “Guztiz elebiduna izango den administrazio bateranzko urratsak sendotzea, herritarrei zerbitzuak eskainiz eurek hautatzen duten hizkuntzan”. Hainbat urte Udalean eta oraindik jarraitzen dute “urratsak sendotzen”? Euskaraz artatua izatea eskubidea dela gogorarazi behar diegu, eta eskubideak errespetatu ala urratu egiten dira. Eskubide bat errespetatzerantz “urratsak” emango direla esatea euskaldunoi burla egitea da.
EHBildu:
Koloreka sailkatu du bere programa EH Bilduk eta “Bilbo urdina” atalaren barruan tarte zabala eskaini dio euskarari.
Euskalduntasun “urbano” terminoa erabiltzen du koalizioak bere programan: “Bilbok euskararen hiria izan behar du, euskararen ezaugarriak hiri eremura egokituz eta euskalduntasun urbanoa eraikiz”. Euskararen ezaugarriak hiri eremura egokitu behar direla adierazte horrek, ordea, zalantzak sortu dizkigu Bilbon euskaraz bizi garenoi. Ez ote dira egokiak euskararen ezaugarriak hiri batean euskaraz bizitzeko?
Baina, programaren mamira joz gero, EH Bilduren programak euskalgintzaren aldarrikapenak jasotzen ditu. Erabilera sustatzeko zein ezagutza handitzeko neurriak, euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzea, helduen doako euskalduntzea, euskalgintzarekiko elkarlana, zeharlerrotasuna,… arlo guztiak jasotzen ditu, Bilbo euskalduna lortzeko planteamendu integrala proposatuz.
PSE:
Bilboko PSEren programa bilatuz gero, hasteko zera ikusi dugu: programa bera erdara hutsean dago. Euskararen alde omen dauden eta “euskara askatasunean” aldarrikatzen duten horien programa bera.
Itxaropen handiegirik gabe irakurtzeari ekin diogu. Eta euskararen aipamenik, bat ere ez.
Hori gutxi balitz, Bilboko PSErentzat hizkuntz ofizial bakarra dago Bilbon, programaren paragrafo batean hauxe esaten dute eta: “Favoreceremos la integración de mujeres inmigrantes de otras culturas y lenguas a través de la oferta pública de programas de aprendizaje de la lengua oficial”. Ezin beste komentariorik egin, ahozabalik geratu gara eta.
PP:
PPk euskara aipatu ere ez du egiten bere programan. Noski, ez genuen besterik espero. Askorik aztertzerik ez dugu, beraz; argi dago zein den alderdi honek euskara eta euskaldunoi ematen digun balioa.
Udalberri – Bilbao
Udalberri Ezker Anitza-IU, Equo, Podemos eta Alternativa Republicanaren arteko koalizioa da, antza. Hori webgunearen erdarazko bertsioaren arabera, ze euskarazkoaren arabera koalizioa osatzen duen 4. alderdiak “Alternativo Republica” du izena.
Izan ere, webgunea elebidun daukate, baina euskarazkoa erdarazkoaren itzulpen kaxkarra baino ez da. Eta programa, berriz, erdara hutsean, lau lerro (literalki) izan ezik, euskararen atalean.
Esan bezala, euskarari dagokion atal bat dauka Udalberriren programak. Eta atal honen sarreran bertan lehenengo perla: “fomentar el uso del euskera desde planteamientos diferentes a los empleados hasta ahora, incidiendo en la voluntariedad”.
Borondatezkoa, norentzat? Publiko aurrean dagoen langilearentzat ere borondatezkoa izan behar da euskaraz jakitea? Hori bada esan nahi dutena, beste esaldi honekin kontraesanean ikusten dugu: “garantizar siempre la atención al público en euskara en las dependencias municipales”. Hitz politez gain, gauzak argitu beharko dizkigute talde honetako kideek. Nola lortzen da euskarazko arreta langileek ez badute euskaraz jakin beharrik?
Euskararen aldeko politika proposatzerakoan “inposaketa” egon dela eta euskara ez dela “inposatu” behar iradokiz hastea ez zaigu ideia ona iruditzen. Euskaldunok oraindik ere geure herrian ezin badugu euskaraz bizi, erdaldunei zerbait inposatzen zaiela entzun behar izateak gustu txarreko broma dirudi.
Proposamenak, behintzat, bai egiten dituzte (PP eta PSEk ez bezala): helduen euskalduntzearen doakotasuna, Euskararen Kontseilua sortzea, Udalak euskarazko arreta bermatzea,…
Puntu batzuetan, beraz, EAJ baino pausu bat urrunago doa, aipatutako helduen doako euskalduntzea aipatzean, adibidez.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean