• 09
    EKA

    Euskara normalizatzeko eta sustatzeko helburuarekin Azpeitiko Udalak onartu zuen euskara ordenantza baliogabetu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Euskaldunok udal administrazioekiko harremanak euskaraz izatea babesten zuen ordenatzak gaztelaniaz hitz egin nahi dutenen eskubidea urratzen duela eta "gaztelania mailaka eta luzamendurik gabe kanpoan uzten" duela esan du Gorenak

     

    Berria egunkaritik jasotako albistea:

    "Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) onartutako euskara ordenantza. Euskara normalizatzeko helburua zuen udal arauak, eta hori sustatzeko neurriak ezartzen zituen. Auzitegiak ebatzi du neurri horiek urratu egiten dituztela gaztelaniaz hitz egin nahi dutenen eskubideak, eta, azken batean, gaztelaniaren beraren aurka egiten duela. «Mailaka eta luzamendurik gabe kanpoan uzten du gaztelania».

    EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren iritzi bereko azaldu da Auzitegi Gorena. Espainiako Estatuaren abokatuak jarritako helegitea aintzat harturik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ondorioztatu zuen euskara «inposatu» egiten duela udal ordenantzak, eta urratu egiten dituela gaztelaniadunen hizkuntz eskubideak. Orobat, Azpeitiko Udalari egotzi zion eskumenik ez duen gaietan arautzen saiatu izana. Epaiaren aurka helegitea jarri zuen Azpeitiko Udalak, baina Gorenak ez dio arrazoi eman."