• 07
    URR

    Euskara jo mugan izan du berriz ere Begoña Ganuza Lizarrako (Nafarroa) alkateak. Deialdiak eta udalbatzetako aktak euskaraz idaztearen aurka azaldu da, eta legearen aitzakia paratu du bere jarrerari zilegitasuna emateko. UPNko alkatearen erabakia salatu du Bilduk, hizkuntza eskubideak urratzen dituelako. Alderdi abertzalean eskatu zuen deialdi zein aktak bi hizkuntzetan -euskaraz eta gazteleraz- idazteko.

    Lizarrako alkateak Vascuencearen legearen 16.2 artikulua betetzen duela argudiatu du euskara ez erabiltzeko. Artikulu horrek dioenez, gazteleraz idatzi beharko da era guzietako xedapen, ohar, argitalpen eta publizitateetan. Bittori Martin Bilduko zinegotziak alkatearen jarrera salatu du. Hala ere, udal gobernuko bi zinegotzi zoriondu ditu: Berdintasun eta Industria alorretako zinegotziak hain zuzen. PPNko eta UPNko zinegotziak dira hurrenez hurren, eta bi hizkuntzetan bidaltzen dituzte deialdi eta oharrak.

    Ez da Lizarrako alkatesak horrelako erabakia hartzen duen lehenbiziko aldia. Izan ere, euskara baztertzea beti egon da UPNren helburuen artean. Euskararen aurkako beste neurrietako bat 2010ean hartu zuen Lizarrako UPNk. Idatzietako goiburuetan euskararik ez agertzeko eskatu zioten idazkariari, nahiz eta hamalau urtez elebitan idatzi zen. Orduan ere legearen aitzakia erabili zuen alkateak.

    Euskara herriko izendapen ofizialetik ere kendu nahi izan zuen UPNk. Udalbatzak Estella-Lizarra izendapena onartu zuen 2005ean, eta UPNk Nafarroako Administrazio Epaitegira jo zuen erabakia deuseztatu zezan. Justiziak, baina, izendapen elebidunaren alde egin zuen. Hala ere, beste herri batzuetan euskara izendapen ofizialetik kentzeko bideari ekin dio Nafarroako eskuinak. Horren adibide da Erriberri. Euskal izena izendapen ofizialetik kentzeko eskaria eginen diote Nafarroako Gobernuari, udalbatzak horrela erabaki baitzuen gehiengo osoz. UPN eta PPN alderdiek bozkatu zuten alde.

     

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.